Eskola kirola eten dute Abadiñon, Durangon eta Elorrion

Anboto 2020ko urr. 23a, 14:03

Eusko Jaurlaritzak pandemiaren aurreratzea geldiarazteko ezarri dituen neurriekin bat eginda, Bizkaiko Foru Aldundiak eten egiten du Eskola Kirola programa, egoera epidemiologikoagatik gune gorriko egoeran dauden lurraldeko udalerrietan.

Irailaren 28tik aurrera baimena izan dute Eskola Kiroleko jarduerak martxan jartzeko. Hainbat kiroletan hasiak ziren entrenamenduekin. Baina, aste batzuk beranduagoa etenaldia etorri da.

Bizkaian egoera horretan ez dauden gainerako lekuetan, eutsi egingo diote programari, programaren hasiera ezarri zen moduan. Entrenamenduek egin ahalko dituzte kontaktu fisikoa mugatuta eta publikorik, aldagelarik eta lehiaketarik barik. "Egoera epidemiologikoak hobera egiten duen neurrian, lehiaketei berriro ekitea aztertuko da", azaldu dute Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek. Ordura arte, ezin izango da inolako partidarik edo antzeko jarduerarik egin, ez eta lagun artekorik edo hastapeneko edo teknifikaziorako ikastarorik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!