“Intsumisioak asmatu egin zuen konplizitateak bilatzen, bere izaera festibo eta zintzoagatik”

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 16a, 13:30

Iruñeko kartzelan intsumiso talde batek grabaturiko irudiak oinarri hartuta dokumentala egin du Lander Garrok. Intsumisioaren mugimenduaren inguruko gogoeta egiteaz gainera, etorkizuneko erronkak ere berbagai dituzte. Durangoko Zugaza zineman asteburu osoan ikusgai egongo da, eta gaur Zornotza Aretoan.

2001ean, derrigorrezko soldaduska bertan behera geratu zen. Intsumisioaren garaipen bat da. Filma 20 urte geroago landu duzue. Zergaitik orain? 
2012an Iruñeko kartzela zaharra eraitsi zuten, eta horrekin du zerikusia. Preso egoniko intsumiso talde bat filmatzera sartu zen kartzela horretara. Euren burua grabatu zuten, dokumentu grafiko bat, eta Gaizka Arangurenek gorde egin zituen irudi horiek. Handik lau urtera deitu egin zidan, ea material harekin zer edo zer egin genezakeen galdetzeko. Materiala erakutsi zidan eta oso irudi ederrak ikusi nituen. Irudi horiek erakarrita hasi nintzen dokumentala lantzen.

Intsumisioaren mugimenduaren inguruan memoria historikoa lantzea da helburuetariko bat?
Orain 25-30 urte zelakoak ginen azaltzen du filmak; Soldaduskaren, militarismoaren eta halako fenomenoen aurrean gizarteak erakutsitako jarrera eta zelan antolatu ginen azaltzen du. Armadari eta gobernuari garaipen txiki hori lapurtzen zelan jakin genuen ikusten da. Memoria historikoa lantzen da bertan, eta gaur egungo erronken aurrean antolatu eta borrokatzeko aplikatu daitekeen paradigma bat da.

Eman zaio behar den besteko garrantzirik garaipen horri?
Erantzun bikoitza emango nioke galdera horri: bai eta ez. Alde batetik, iraganeko fenomeno moduan sentitzen dugun zerbait da. Momentu jakin batean gertatu zen zerbait, museo batean ipinita balego legez. Bestetik, esango nuke harrituta geratu naizela, dokumentala proiektatzen hasi aurretik ez niolako inoiz neure buruari aitortu kontu honek zenbat jende ukitu zuen eta oraindik zenbat ukitzen duen. Jende asko joaten da pelikula ikustera, eta egoera zelan bizi izan zuten eta zein ekarpen egin zuten gogoratzen dute. Jendea oso protagonista izan zen mugimendua izan zen, eta horregaitik gogoratzen du horrenbeste jendeak. Mugimendu horren oihartzuna oraindik ozen entzuten da gaur egungo gizartean.

Edurne Elizondok intsumisioaren inguruko liburu bat idatzi zuen orain 10 urte. 'Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian'. Liburuan aipatzen du Euskal Herri osoko mugimendua izan zela, eta Nafarroan ipintzen du fokua.
Intsumisoen irudiak etorri zitzaizkidanez, emana etorri zitzaidan, egitura aldetik. Lurraldetasunari dagokionez, zabalagoa da, eta nafarrak ez direnak ere agertzen dira. Hala ere, egia da Nafarroan ipinita dagoela fokua, errepresioak gehien kolpatu zuen lurraldea izan zelako, alde handiarekin. Eta ez bakarrik Euskal Herriko beste lurraldeekin alderatuta, baita estatuan eta mundu guztian ere. Nafarroako epaitegiek gogor zigortu zituzten intsumisoak, baina, hala ere, gazteak burugogorrak ziren. Oso bataila zabala izan zen. Horregaitik amaitu zuten askok eta askok kartzelan. 

Maila pertsonalean, zuk zelan bizi izan zenuen intsumisioa?
Intsumisoa izan nintzen. 1997-1998an postaria gutunarekin etorri zen etxera. Bigarren abisuarekin ere bai.  Udaltzainak, epaitegia... gurpil errepresibo batean sartzen zinen. Nire kasuan, sasoi hartako gazterik gehienen kasuan legez, ez zuen eragin handirik izan. Zigortu egin gintuzten, baina ez genuen soldaduska egin behar izan. Amaiera hortxe zegoela sentizen genuen. Askoz lehenagotik ere, beti ibili izan ginen Gaztetxean, aurretik etxe okupatuan...12-13 bat urte nituenetik, banekien sasoia heltzean intsumisoa izango nintzela. Oso harro onartu nuen intsumiso izateko erronka.

Gaur egun mugimendu hori aplikagarria dela esan duzu. Zein zentzutan?
Intsumisioa arazo handia izan zen estatuarentzat, jende asko auzibidean sartu behar zutelako. Nafarroako intsumiso presoen kasuan, are gehiago. Arrazoi ideologikoengaitik jendea auzibidean eta kartzelan sartzea izan zen buruhausterik handiena. Horrek erakusten du estatuak asumitu dezakeela errepresio txiki bat, baina  errepresio handi baten aurrean estatuari kontraesan asko sortzen zaizkiola. Alde horretatik, erresistentzia zibil ez bortitzaren estrategia oso eraginkorra izan daitekeela ikusten da. Bestalde, interesgarria da gaur egun aipatzen den transbertsalitatea. Intsumisioak asmatu egin zuen konplizitateak bilatzen, bere izaera festibo eta zintzoagatik. Sektarismoa oso txarra da erronka politiko handiak aurrera eramateko. Eta aldi berean oso ona bakarrik geratzeko. Transbertsalitatearen bitartez, konplizitateak bilatzerakoan aldaketak bultzatu daitezke.

Durangora eta Zornotzara dokumentala ikustera joan gura dutenei, zer esango zenieke?
Elkarrizketa hau irakurtzen dutenei eta han eta hemen kontuak entzun dituztenei esango nieke ez dutela ikusiko aurreikusten dutena. Ez da obserbazioan geratzen den film bat. Gaur garenarekin eta etorkizuneko erronkekin lotura egiten du. Pelikula ikusten dutenek horixe esaten dutelako diot nik. Interesgarria da esatea oso ekipo femeninoa dela eta parte-hartzaileen artean emakume asko dagoela. Emakumeen parte-hartzea esentziala izan da. Oso ezberdina da haiei esker. Pertsona oso potenteak filmatu ditugu. Azken batean, pertsona horien ahotsek osatzen dute dokumentala, kamera aurrean agertzen direnek egiten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!