“Klub bat eramatea berez gatxa bada, COVID-19agaz arazoak pilatu egin zaizkigu"

Joseba Derteano 2020ko urr. 10a, 10:50

Iurretako klubak presidente berria du eta 40 urteko historian lehenengoz emakumezkoa da: Nagore Ereño. Presidentea ez ezik, zuzendaritza osoa ere berria da. Futbolari gazteen guraso talde batek hartu du kluba gidatzeko ardura. Oraingoz, liga hasieretara eta segurtasun protokoloak ahalik eta ondoen zaintzera bideratu dute euren ahalegina.  

Zelakoa izan da erreleboa zuzendaritzan?
Aurreko zuzendaritza taldean jende gutxi zegoen eta jende asko behar da gaur egungo egoerari aurre egiteko. Gauzak hobeto egin zitezkeela ere pentsatzen genuen. Horregaitik, Iurretakon eta Gertasport-en dabiltzan umeen guraso batzuek batzea eta gure hautagaitza aurkeztea erabaki genuen. Ez zen beste hautagairik aurkeztu eta geuk hartu genuen ardura. Dena dela, baten batek taldera batu gura badu, zabalik dugu atea. Laguntza guztia ondo etorriko da.

Klubaren historian, emakumezko lehenengo presidentea zara.
Hasieran ez nekien datu hori. Klubari laguntzeko onartu nuen kargua. Hainbat hedabidetatik deitu didate eta ez nuen arreta hau guztia espero. Sorpresa izan da.

Zuzendaritza berriaren beste berezitasun bat da presidenteordea zure senarra dela, Francisco Javier Martin. Klubeko arazoak etxera eramaten dira?
Ahalegintzen gara ez eramaten eta bizitzako alderdi biak bereizten, baina beti ez da erraza. Esaterako, seme bi ditugu eta gu futbol-zelaian bagaude dena delakoa egiten, haiek bakarrik daude. Baina, tira, ondo moldatzen gara.

Bizi dugun sasoi hau ez da erosoena klub baten gidaritza hartzeko. Karguan zauden lehenengo hiru hilabeteak zelan joan dira?
Oso gogorrak izan dira. Klub bat eramatea berez gatxa bada, COVID-19agaz arazoak pilatu egin zaizkigu. Segurtasun protokoloak lantzea buruhaustea izan da. Erakunde bakoitzak bere eredua bidali digu eta, azkenean, udalarenari egin diogu kasu, denontzat onena dela uste dugulako.

Izan duzue astirik egunean eguneko buruhausteak alboratu eta epe ertainerako helburuetan pentsatzeko?
Oraingoz ez. Nahikoa lan dugu gaur egungo egoera kudeatzen. Baina aurrera begira, sasoi batean desagertutako erregional mailako taldea berreskuratu gura dugu. Orain, talde nagusian tokirik ez badago, gazteek beste norabait joan behar dute. Hori aldatu gura dugu. Talde bigaz askoz ere aukera zabalagoa egongo litzakete.

Iurretakok emakumeen taldea izan zuen sasoi batean, baina hura ere desagertu zen. Badago zuen planen artean talde hori berreskuratzea?
Berba egin izan dugu aukera horren inguruan, baina oso gatxa da. Lehenengo eta behin, jokalari gazteak lortu behar dira eta gero epe luzera begirako konpromisoa lortu. Formula egoki bat diseinatu behar da.

Zelan dago kluba ekonomikoki?
Oraingoz nahiko ondo, baina argi dago dirua behar dela gauzak egiteko.

Bazkideek ezingo dute partidurik ikusi zuzenean. Izan duzue bajarik?
Oraingoz ez, eta, begira, joan zen astean, kalean nenbilela, pertsona batek esan zidan bazkide egin gura zuela eta horretarako zer egin behar zuen galdetu zidan. Pozgarria izan zen.

Futbol-zelaiko taberna zabaldu ahalko duzue?
Ez, aurten ez dugu diru iturri hori izango. Horren falta igarriko dugu. Zuzendaritzako kide bi inguruko enpresetara joan gara babesle bila. Deneriko erantzunak jaso ditugu eta oso ondo tratatu gaituzte beti, baina… enpresentzat ere ez da erraza gaur egungo egoera, eta ulertzen dut.

Gazteagotan futbol jokalaria izan zinen. Zelan gogoratzen duzu sasoi hura?
Iurretakon eta Zornotzako Zorrontzako klubetan jokatu nuen, besteak beste. Gainera, Zorrontzako klubeko sorreran egon nintzen. Hau da, klub hartan emakumeen lehenengo taldearen ondoren sortu zen gizonena. 2002/2003 denboraldian liga txapelketa irabazi eta jaietako pregoia irakurri genuen. Oso urte politak izan ziren. Nire lagunik onenak futbolean egin ditut eta oraindino badut tratua batzuekin. Nire futbol ibilbideko unerik gogorrena, ostera, belauneko lesio bat izan zen. Bueltatzen ahalegindu nintzen, baina ezin izan nuen eta futbola utzi nuen, 29 urtegaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!