June Arbeok zilarrezko domina irabazi du Espainiako atletismo txapelketan, 3.000 metroko oztopoen proban

Anboto 2020ko ira. 26a, 20:45

23 urtez azpiko txapelketan aritu da. Lasterketa oso ona osatu eta urrea irabazteko moduko denbora egin du, baina Maite Gonzalez nafarrak sekulako maila erakutsi eta 2014tik indarrean zegoen marka hobetu du.

Lehenengo metrotik bertatik, erritmo bizi-bizia markatu du June Arbeok (Durango, 1999) eta  Maite Gonzalezek bakarrik jarraitu ahal izan dio. Durangar gazteak lasterketaren pisua eraman du probako zatirik handienean; berak markatu du erritmoa, Gonzalez itsatsita zuela. Azken kilometroan, ordea, nafarra aurrera igaro da eta apurka-apurka ihes egin du. Helmugan zortzi segundoko aldea egon da bien artean.

Batak zein besteak azpimarratzeko moduko denborak egin dituzte. Arbeoren gaurko denbora (10.22.49) bere inoizko markarik onenetik oso gertu dago: 10:21.87, iazko maiatzean Xixongo atletismo pistan lortu zuena. 

Gonzalezen gaurko denbora (10.13.73) bere inoizko markarik onena da: 20 segundotan hobetu du orain astebete Ciudad Realen lortutakoa. Are gehiago, 23 urtez azpiko Espainiako txapelketa batean inoizko markarik onena lortu du, 2014an Maria Jose Perezek ezarritakoa (10.14.32) hobetuz. Kuriositate moduan, Perezek Durangon lortu zuen marka hori, Landakako atletismo pistak promesen Espainiako txapelketa hartu zuenean.

Atleta biek, Arbeok zein Gonzalezek, 2020ko denborarik onenak egin dituzte. Orain arte Maria Martinezek zuen marka hori: 10.26.47. 

"Oso pozik nago emaitzarekin"

June Arbeo "oso pozik" dago zilarrezko dominarekin. "Lasterketa azkar baten bila irten naiz, nire markarik onena jaisten ahalegintzeko. Azkenean, marka horretatik segundo batera bakarrik geratu naiz, beraz oso pozik nago nire lasterketarekin, egindako denborarekin eta zilarrezko dominarekin", adierazi dio ANBOTOri. Maite Gonzalezen lana ere goraipatu du. "Bere ibilbideko hirugarren oztopo proba zuen eta, egia esanda, marka itzela egin du 23 urtez azpikoa izateko". 

Alcampo Scorpio taldeko June Arbeo podiumean zilarrezko dominarekin. Azpian, lasterketaren hasierako metroak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!