83 herritarrek egin dute bat '30 egun bizikletan' erronkagaz

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 9a, 08:49

Horietatik ia 50 erabiltzaile aktikoak dira; egunero ari dira bizikleta joan-etorriak egiten. Erronkan izena emateko aukera zabalik dago oraindik. Bihar bukatuko da izen-emate epea.

30 egun bizikletan egitasmoaren lehen loreak igartzen hasiak dira. Erronkaren lehenengo astea pasatu da eta kopuru batzuk jakinarazi ditu Amankomunazgoak. 83 herritarrek eman dute izena erronkan, eta erabiltzaile aktiboak dira horietako 49, hau da, egunero ari dira bizikleta joan-etorriak erregistratzen. Dena den, kopuru hori handitu egin daiteke, izena emateko epea zabalik baitago oraindik. Bihar arteko epea dago erronkan erregistratzeko.

Amankomunazgoak, Durangaldeko hainbat udalek, ikastetxek eta enpresek bultzatutako egitasmoa da '30 egun bizikletan'. Herritarrak bizikleta hartzera bultzatu gura dute, esate baterako, lantokira egunero bizikleta hartuta lekualdatu daitezen. Erronka hau lehenengo harria da Cycle Friendly Employer ziurtagiria lortzeko bidean

Izena nola eman

Erronkan parte hartzeko Bikefriendly aplikazioa jaitsi beharko da sakelakora. Bertan erabiltzaile profila sortu eta Durangaldea izeneko atalean eman beharko da izena. Hortik aurrera, herritarrak bizikletaz egiten diren ibilaldiak erregistratu ahalko ditu. Erronkaren funtsa egunero bizikleta itzuli bat erregistratzea da, gutxienez, kilometro batekoa. Irailaren 1ean hasi zen erronka 30ean amaituko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!