Zornotza eta Iurreta lotuko dituen bidegorriak 7,5 kilometro izango ditu, 9,4 milioi euroko inbertsioarekin

Anboto 2020ko ira. 3a, 12:15

Zornotzako Zubieta eta Iurretako Mallabiena industrigunea lotuko ditu, aurreproiektuak jasotzen duenez.

Bizkaiko Foru Aldundiak Zornotza eta Iurreta lotuko dituen bidegorriari buruzko xehetasun gehiago jakinazi ditu. AP-8 errepidearen paraleloan joango da, motordun trafikotik erabat bereizita.

7,5 kilometroko luzera izango du. Zubieta industrigunearen eta Lauaxeta Ikastolaren ondotik hasiko da eta AP-8 autobidearen ondotik igaroko da —Dudeako San Migel, Erkoles, Euba, Berna eta Arriandi auzoetatik—, Mallabiena industrigunera heldu arte. Bi muturretan bidegorri berriak lehendik zeudenekin bat egingo du.

Zarata gutxitzeko pantailak

Bide horren ezaugarri nagusien artean erabiltzaileak autobidearen zaratatik eta inpaktu bisualetik isolatuko dituen pantaila bat egitea dago, bai eta hiru pasabide eta azpiko pasabide bat eraikitzea ere, lehendik dauden errepideekiko bidegurutzeetan ibilbideari jarraipena emateko. Halaber, ibilbidean zehar eguzki-energiarekin funtzionatzen duten luminariak instalatzea planteatzen da.

Aurreproiektua jendaurrera aterako dute orain. Tramite hori igaro ostean, eraikuntza-proiektua idatziko da. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak egin dituen kalkuluen arabera, 9.4 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, 20 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Bizipista

Azpiegitura berriak Bizipista izena jaso du. Bidegorri tradizional bati dagokionez eskaintzen dituen abantailen artean, bizipistak “trazadurari, sekzioari eta erabilerei buruzko irtenbidea ziurtatzen du, bizikleta-abiadura orduko 25 km ingurukoa izatea bermatzen duena”, Aldundiak ohar batean azaldu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!