Durangoko Udalaren eskariz, oktogonotik "alde egitera behartuta" dagoela dio Amankomunazgoak

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 16a, 11:55

Amankomunazgoak jakinarazi du Durangoko Udalaren idatzi bat jaso duela asteon eta 'oktogonoa' lez ezagutzen den eraikina hustea eskatu diola bertan. Amankomunazgoak 20 urte daramatza oktogonoan Behargintzari lotutako zenbait klase eskaintzen. 

Ika-mika sortu da Amankomunazgoaren eta Durangoko Udalaren artean. Udalak gaur jakinarazi du herriko elkarteentzako espazioak antolatu gura dituela 'oktogonoa' lez ezagutzen den eraikinean, Intxaurrondon. Erabakiak, baina, Amankomunazgoari eragiten dio zuzen-zuzenean, eraikin hori husteko eskaria jaso duelako asteon idatzi baten bidez. Hori dio Amankomunazgoak. Kontua da, azken 20 urte hauetan Amankomunazgoak erabili izan duela eraikina -besteak beste, Behargintzari lotutako klaseak eta enplegu tailerrak eskaintzeko- eta lokal hori erabili ezinda geratu litekeela aurrerantzean. Durangoko Udalak dio berea dela eraikinaren jabetza, baina hori juridikoki horrela denik zalantzan ipini du Amankomunazgoak.

Luze barik ailegatu da Amankomunazgoaren erantzuna. "Enplegua sustatzea ezinbestekoa den garaiotan, Durangoko Udalaren alde bakarreko erabaki honek arriskuan ipintzen ditu Durangaldeko langabeei eskaintzen zaizkien birrorientazio, birkualifikazio eta birkokatze ikastaroak. Ulergaitza zaigu erabakiaren berri aldez aurretik komentatu barik, idatzi baten bidez jakitea", kritikatu du Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak. "20 urte daramatzagu instalazioak erabiltzen, instituzioen arteko elkarkidetza baketsuari eta arduratsuari esker", dio. Eraikina uztekotan, ehun bat lagun geldituko lirateke ikastarorik barik. Bien bitartean, Behargintzako eraikinen erabilerarako hitzarmen bat lantzea proposatu dio udalak Amankomunazgoari.

Inbertsioak, "airean" 

Amankomunazgoak dio erabaki honen eraginez "airean" daudela aurreikusitako inbertsio batzuk. Gaurko osoko bilkuran 530.000 euro inguruko urgentziazko aurrekontu moldaketa zuten onartzekoa. Behargintzako erakina egokitzeko inbertsioak zeuden aurreikusita. Baita Galtzareta kaleko eraikinerako eta atletismo pistarako inbertsioak ere. Atal hori gai-ordenetik kentzea erabaki du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!