Mallabiko MEK taldeak likidazio fasean dauden Inyectados Gabi eta Galter enpresak eskuratu gura dituela dio ELAk

Joseba Derteano 2020ko uzt. 1a, 10:35
MEK enpresa taldeak Mallabian du egoitza nagusia.

Konkurtso-administrazioari aurkeztutako proposamenean "23 langileren kontratuak azkentzea" aurreikusten duela salatu du ELA sindikatuak. Gainera, sindikatuaren arabera, jarraituko luketen langileei herrialdeko hitzarmena aplikatu nahi diete, enpresa-hitzarmena beharrean. Egoera hori salatzeko kontzentrazioa deitu dute bihar goizean.

Zaldibarko Inyectados Gabi eta Galter enpresak likidazio fasean daude, ELA sindikatuak ohar batean informatu duenez. Likidazio-fase horretan, egoitza nagusia Mallabian duen MEK enpresa taldeak eskaintza bat aurkeztu dio konkurtso-administrazioari enpresa horiek eskuratzeko interesa erakutsiz, baina "gaur egungo 52 langileetatik 29rekin soilik", ELAren arabera. Hau da, "23 langileren kontratuak azkentzeko enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu du".

Horrez gainera, jarraituko luketen langileak herrialdeko lan-hitzarmenaren arabera arautu gura dituzte eta ez enpresa-hitzarmena jarraituz. Horrek, egungo lan baldintzak "argi eta garbi okertzen" dituela salatu du sindikatuak.

Horren aurrean, ELAk eskatu du langileen ordezkaritzaren eta MEK taldearen arteko elkarrizketa prozesu bati hasiera emateko eta, bideragarritasun-plan batean oinarrituz, langilegoaren etorkizuna aztertzeko. Horrez gainera, lanpostu guztiak eta egungo lan baldintzak "mantentzea" eskatu dute, besteak beste.

Gaur egun langileek bizi duten egoera salatzeko eta irtenbideak eskatzeko kontzentrazio bat egingo dute bihar, 11:30ean, MEK taldeak Mallabiko Goitondo industrigunean duen instalazioan.

2018an greba egin zuten langileek

Oraingoa ez da langileek protesta egingo duten lehen aldia. 2018ko azaroan, Gabi zein  Galter enpresetako langileek 15 eguneko greba egin zuten. Ondoren, zuzendaritzagaz aurreakordio batera heldu zirela informatu zuten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!