Dagoeneko zabalik daude Berrizko belodromoa eta Abadiñoko trinketea

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 8a, 13:36

Gaurtik aurrera, aurretik hitzordua hartuta, erabilgarri egongo dira Berrizko Marino Lejarreta belodromoa eta Abadiñoko Tornosolo trinketea. Durangoko atletismo pista, berriz, uda ostera arte, itxita egongo da. Bertan hainbat lan egiten ari baitira.

Gobernu zentralak "normaltasun berrirako" trantsiriorako arintze neurrien barruan ezarritako jarraibideei jarraituz, Durangaldeko Mankomunitateak bere kirol instalazioetako batzuk berriro irekiko ditu gaur. Hala ere, instalazio hauek erabili gura dituztenek hainbat neurri bete beharko dituzte. 

Marino Lejarreta belodromoaren kasuan, federazioko lizentzia duten txirrindulariek soilik erabili ahal izango dute instalazioa, gehienez 6 pertsonako taldeetan. Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik, 
raulmena74@gmail.com helbidera idatzita. Tornosolo trinketea ere federazioko lizentzia duten pilotariek bakarrik erabili ahal izango dute, bakarka zein binaka. Hauek ere, aurretik lekua erreserbatu beharko dute trinkete.mdurango@bizkaia.org helbidera idatzita. 

Horrez gain, kirolariek eta teknikariek maskara eraman beharko dute kirol-instalaziora sartzean, eta eskuak hidrogelarekin garbitu beharko dituzte. Barrura sartu ondoren, pertsonen arteko 2 metroko segurtasunezko distantzia errespetatu beharko da, eta ezinezkoa bada, maskara jarri beharko da. Aldagelak, berriz, itxita egongo dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!