Ospitaleetan dauden umeak alaitzeko marrazki eta txalo-jotze solidarioak egitera deitu dute

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 10a, 16:54

Maiatzaren 13a Ospitaletaratutako umeen eguna da eta Hego Euskal Herriko ospitaleetako pailazo taldeek erietxeetan dauden umeak animatzeko deia egin dute. Txaloaldi solidarioak antolatu dituzte eta etxeetan dauden umeei eskatu diete ospitaleetako umeentzako marrazkiak egiteko eta WhatsAppez bidaltzeko.

Belen Lakuntza zornotzarra Irrikiclown taldeko kidea da. Beste hainbat boluntariorekin batera pailazo lanak egiten ditu Gurutzetako erietxean ospitaletaratuta dauden umeak alaitzeko. "Besteak beste minbiziaren aurkako tratamenduak jasotzen egon ohi dira hainbat ume. Ume zati bat galtzen dute han eta gure esku-hartzearekin umetasun hori berreskuratzen dute momentu batez", dio Lakuntzak.

Orain, konfinamendu egoerak pailazoen ohiko lana oztopatu duen honetan, ospitaleetako umeei "indarra bidaltzea" gura dute. Horregatik etxeko balkoietan txaloaldi solidarioak egitera deitu dute. Maiatzaren 13an, 12:00etan balkoira irtetea eta txalo egitea eskatu dute. Bestalde, umeei eskatu diete ospitaleetan dauden haurrentzako marrazkiak egiteko eta 610697412 WhatsApp zenbakira bidaltzeko. Jasotako marrazkiekin muntaketa bat egingo dute, gero, Hego Euskal Herriko ospitaleetan dauden umeei helarazteko.

Hego Euskal Herriko ospitaleetako pailazo taldeen deia

Deialdi bateratua egin dute Hego Euskal Herriko ospitaleetako pailazo taldeek. Tartean daude Algaraklown, Irrikiclown, Sembrando Ilusiones
eta ExpressYourClown. Irabazi-asmorik bako erakundeak dira denak eta urteak daramatzate ospitaleetako osasun zerbitzuekin elkarlanean. Nagusiki, pediatria eta onkologia arloko umeak laguntzen dituzte. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!