Adinekoak laguntzeko 300 dei baino gehiago egin ditu Amankomunazgoak

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 8a, 13:28
Elorrioko jubilatuen tabernako irudi bat. ARTXIBO IRUDIA

Amankomunazgoaren Adinekoen Zerbitzuak 300 dei baino gehiago egin ditu adinekoak nola dauden jakiteko eta horiei laguntza emateko. Informazio praktikoa duten eskuliburuak banatu ditu etxeetan eta arreta psikologikoa ere ematen ari da. "Zerbitzuak egokitzen eta indartzen" jarraitzen duela jakinarazi du Amankomunazgoak.

Osasun krisia hasi zenetik adinduen jarraipena egiten hasi zen Amankomunazgoaren Adinekoen Zerbitzua. Apirilean 300 dei baino gehiago egin zituen Durangaldeko etxeetara, hango adinekoak nola zeuden jakiteko eta horiei beharrezko laguntzak emateko. Bestalde, hainbat informazio  gida egin ditu Amankomunazgoak. Batetik adinekoentzako laguntza-gida dago. Adinekoen konfinamendu egoera errazteko gida banatu dute eta bertan azaldu dituzte nork bere burua zaintzeko jarraibideak, errutinak eta aholkuak . Bestetik, Nagusilagun programaren baitan egindako eskuliburua dago. Egunerokotasunari aurre egiteko, jarduera fisikoa egiteko eta estimulazio kognitiborako aholkuak jasotzen ditu argitalpenak. Nagusilagun programako 71 bat kideri bidali diete.

Amankomunazgoko iturriek adierazi dute nagusien elkarteekin "etengabeko" harremanetan daudela eta aurrerantzean ere "zerbitzuak egokitzen eta indartzen" jarraituko dutela.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!