“Toki komunikabideok abuztura bitartean 2,5 milioi euroko galera izango dugula aurreikusten dugu"

Joseba Derteano 2020ko mai. 7a, 10:20

Tokiko hedabideek kezkaz begiratzen diote etorkizunari. Koronabirusaren krisiak sektore guztiak kolpatu ditu, eta hedabideena ez dela salbuespena izan dio Jone Guenetxea Arrindak (ANBOTOko zuzendaria eta Tokikom erakundeko presidentea). Tokiko hedabideen diru iturri propioak ia desagertu egin dira. Txanponaren beste aldean, tokiko hedabideek egun hauetan izan duten audientzien igoera dago.

Zelan ari zarete lanean ANBOTOn?
Beste hainbat sektoretan legez, alarma egoera ezarri zenetik gure eguneroko lana nabarmen aldatu da. Bulegoan lan egiten dugunok etxetik dihardugu, telelanean. Paperari dagokionez, banatzaileen osasuna bermatzeko asmoz, etxerik etxeko aleen banaketa bertan behera utzi genuen. Orain, puntu estrategikoetan baino ez dugu banatzen, kiosko, janari-denda eta horrelako lekuetan, irakurleek bertan jaso dezaten. Fasekako ibilbide honetan ohiko banaketari noiz heldu ahalko diogun aztertzen ari gara, banatzaileek behar dituzten babes neurriekin kalera irten ahal izateko.

Kazetaritzaren ikuspuntutik, zelan daramazue lana?
Gurea funtsezko jarduera izanda, ez dugu etenaldirik izan. Gainera, informatzeko bokaziotik, inoiz baino tinkoago eutsi diogu produkzioari. Herritarrei informazio fidagarria zintzotasunez helarazteko konpromisoa berretsi dugu. Albiste faltsuak geroago eta ugariagoak diren informazioaren mundu honetan, hedabideon lana oso beharrezkoa da. Krisi honek egunerokotasunean zelan eragiten dien jakin gura izan dute herritarrek, eta informazio hori eskuratzeko tokiko hedabideetara jo dutela uste dut.

Audientziek zenbat egin dute gora?
Webguneko audientzia nabarmen igo da ANBOTOn, baita gainerako tokiko hedabideetan ere. Krisiaren hasieran gaitzak gogorren jo zuen eremuetan egin zuen audientziak gora. Alearen (Araba) eta Geuriaren (Basauri) adibideak hortxe ditugu. Orokorrean, euskal hedabide guztion kontsumoak gora egin du Interneten. Tokikoon kasuan, TOKIKOMeko hedabide guztion trafikoa batuta %97ko igoera izan dugu iazko sasoi honetako datuekin alderatuta. Hau da, bisitak bikoiztu egin dira. Krisi aurreko audientziekin alderatuta, ostera, %60tik gora egin du audientziak. Datu horiek ondo egindako lanaren adierazgarri dira. Tokikook argi erakutsi dugu funtzio sozial garrantzitsua betetzen dugula gure komunitateari informazio fidagarria helarazita. Nik neuk ere euskal hedabideon informazioa inoiz baino gehiago kontsumitu dut, eta irakurle legez aitortu behar dut eduki benetan interesgarriak ikusi ditudala. Alde horretatik, pozik egon gaitezkeela uste dut.

Ikuspuntu ekonomikotik, krisiak zelan eragin du tokiko hedabideetan?
Oso kezkatuta gaude. Krisi honek sektore guztiak kolpatu ditu, eta gurea ez da salbuespena izan. Herritarrak geroago eta informazio gehiago kontsumitzen ari diren sasoi honetan, diru iturri propioak inoiz baino gehiago murriztu zaizkigu. Publizitatean kolpe handia jaso dugu. Kontuan izan publizitate aldetik tokiko hedabideok tokiko komertzioagaz lotura estua dugula. Publizitate eta zerbitzu salmentak minimoetara jaitsi dira egun batetik bestera. TOKIKOMeko bazkide diren 25 entitateok aurreikuspen bateratu bat egin dugu. Ikerketa horren arabera, tokiko komunikabideon fakturazioa %72 murriztu da. Kasu batzuetan %80ra ere heldu da. Toki komunikabideok abuztura bitartean 2,5 milioi euroko galera izango dugula aurreikusten dugu. Irailetik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, baina ez gara oso baikorrak. Hala ere, beste egoera zail batzuk gainditu ditugun moduan, honi ere elkarlanean aurre egingo diogu.

 

Diru-laguntzetan izango duzue jaitsierarik?
Ez dugu jaitsierarik itxaroten. Hala ere, udalen batek izan dezake tentazioren bat, euren diru iturriak ere murriztuko direlako. Hala ere, inoiz baino gehiago da politika egiteko momentua, eta inork ere ez du zalantzarik tokiko hedabideen funtsezkotasunari dagokionez. Instituzio batzuek laguntzei eusteko borondatea dutela adierazi digute; Aldundiek eta Jaurlaritzak, adibidez. Zenbait kasutan, hiru urterako daude sinatuta laguntza horiek. Ez dugu murrizketarik itxaroten, ez genuke ulertuko. Badakigu instituzioentzat ere sasoi zaila dela. Hala ere, azken urteotan egonkortzera bidean eman ditugun pausoak kontuan izanda, laguntza horiei eustea itxaroten dugu. Gure diru-sarrerek hanka bi dituzte: sarrera propioena (batez ere publizitatea) eta diru-laguntzak. Sarrera propioak minimoetan egonda, instituzioek badakite diru-laguntzei eustea dagokiela. TOKIKOMeko hedabideek erakunde publiko guztien laguntzagaz kontatzen dute, eta laguntza denei eutsita ere erabaki drastikoak hartzera derrigortuta egongo dira hainbat euskal hedabide.

ANBOTOren lagunen kanpaina martxan ipini duzue.
Urteotan gure komunikazio proiektua babesten duen ANBOTOren lagunen taldea izan dugu. Badakigu ekonomikoki sasoi gatxa dela denontzat. Hala ere, talde horretako kide izan eta proiektua bultzatu gura duten herritarrentzat berriro ere martxan ipini dugu kanpaina. Urteotan ANBOTOren inguruan eraiki dugun sareagaz oso esker oneko gaude. Aurretik ere egoera gatxei elkarlanean aurre egin diegu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!