Herritarren %35 "oso kezkatuta" dago birusaren hedapenagatik; %43 ondorio ekonomikoengatik

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 6a, 10:33

Krisiak euren familiaren ekonomian izan dezakeen eraginagatik "oso kezkatuta" daude %43 eta "nahikoa kezkatuta" %37 inguru . %37 batek dio bere egoera ekonomikoa oraingoa baino okerragoa izango dela urtebete barru. Eusko Jaurlaritzaren prospekzio soziologikorako kabineteak emandako datuak dira. Inkestak eta ikerketak apirilaren 27tik 29ra bitartean egin zituzten.

Ikerketak hainbat datu utzi ditu osasun, ekonomia eta konfinamendu neurriei buruzko pertzepzioetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei apirilaren 27tik 29ra bitartean egindako inkestetan oinarritu dituzte datuak.

Osasunaren eta ekonomiaren gaineko kezka

  • Birusaren hedapenagatik %35 oso kezkatuta daude eta %50 nahikoa kezkatuta.
  • Gutxiago dira eurak gaixotzeagatik kezkatuta daudenak (%71), inguru hurbileko norbait gaixotzeagatik kezkatuta daudenak baino (%91).
  • Ondorio ekonomikoei dagokienez, %43 oso kezkatuta eta %37 nahikoa kezkatuta daude krisiak euren familiaren ekonomian izan dezakeen eraginagatik. Are handiagoa da kezka Autonomia Erkidegoko ekonomian izan ditzakeen ondorioengatik: %61 oso kezkatuta daude eta %36 nahikoa.

Ondorioak ekonomian

  • %26k diote momentu honetan etxetik telematikoki ari direla lanean, beste %26 lanera joaten dira funtsezko sektore batean, beste %7 lanera joaten dira nahiz eta bestelako sektoreetan lan egin, %18 ERTE batek eraginda daude, %6 bajan daude osasun arrazoiengatik eta %3k negozio bat dute eta itxi egin behar izan dute.
  • Inkestatuen %10ek diote, koronabirusaren krisiaren ondorioz, beren egoera ekonomikoa asko okerragotu dela, eta %28k pixka bat okerragotu dela. Hamarretik seik diote euren egoera ez dela aldatu.
  • Herritarren %37k uste dute urtebete barru euren egoera ekonomikoa oraingoa baino okerragoa izango dela, %39k uste dute berdina izango dela, eta %17k hobea.
  • Euskal ekonomian izango diren ondorioei buruz, gehiengoaren iritziz Euskadiko ekonomia urte batzuetarako ahulduta geldituko dela; %19k uste dute ekonomia azkar errekuperatuko dela eta %9 ezkorragoak dira, horien ustez oso hondatuta geldituko da urte askotarako.

Ondorioak giza balioetan

  • Herritarren %29k bere ingurukoekin lotura handiagoa sentitzen dute krisiaren aurretik baino.
  • %34k uste dute krisi honen ondorioz etorkizunean hobeak izango garela gizarte bezala eta %61en ustez ez gaitu aldatuko.

Pertzepzioak koronabirusari aurre egiteko neurrietan

  • Autonomia Erkidegoko herritarren %76 inguruk dio diote koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako neurriak pertsonalki asko betetzen ari direla, eta beste %22k dezente.
  • Txikiagoa da gainerako herritarrek neurriak betetzeko mailari buruzko pertzepzioa: %24k uste dute gainerako herritarrak asko betetzen ari direla, %61ek dezente, %12k uste dute gutxi betetzen ari direla eta %1ek batere ez. Gainera, inkestatuen %59k uste dute konfinamendua luzatzen doan heinean, herritarrak erlaxatzen ari direla neurriak betetzean.

Osasun krisiaren kudeaketa

  • Herritarrek 0tik 10erako eskalan 8,2 punturekin baloratu dute Covid-19a duten gaixoei Osakidetza ematen ari den osasun arreta.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko osasun agintariak ematen ari diren informazio eta gomendioen argitasuna 6,8 punturekin baloratu dute, 0tik 10erako eskalan.
  • Herritarrek 6,7 punturekin baloratu dute Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa, 5,5 punturekin Espainiako Gobernuarena, eta 4,9 punturekin Europar Batasunarena.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!