Durangaldeko pentsiodunek adierazi dute adina ezin dela itxialdian jarraitzeko argudioa izan

Ekaitz Herrera 2020ko api. 27a, 13:10

Adinekoak izateagatik pertsona gisa dituzten eskubideak ez urratzea eskatu dute. "Pandemia honen konponbidea ezin da inola ere adinekoak beren etxeetan modu iraunkorrean konfinatzea izan". Agintariei baliabide prebentiboak eskatu dizkiete kalera segurtasunez irten ahal izateko.

Itxialdia arintzeko pausoak baztertzaileak ezin direla izan adierazi dute Durangaldeko pentsiodunek. "Ezin dugu etengabeko konfinamendua onartu, are gutxiago adinaren arabera, gobernuek ez dituztelako herritarren esku jartzen osasun kolektiboa eta norbanakoa bermatzeko behar diren baliabideak". Azaldu dute "adineko pertsonen kalifikatiboaren barruan errealitate desberdinak" daudela, eta konfinamendu garaian denak "erantzule" izan diren hein berean, normaltasunera itzultzean denek izan behar dutela erantzule.

"Itxialdiak arazoak sortzen ditu pertsona guztiengan, adina bereizi gabe. Pertsona guztiok egin behar dugu ariketa, eta itxialdiak sortzen dituen estres-egoerak gainditu. Badakigu adineko pertsonen egoerak isolamenduak, desorientazioa eta narritadura eragiten diela maila kognitiboan, nahasmendu psiko-motorrak eta kardio baskularrak", diote. Arazoaren konponbidea prebentziorako baliabideetan dago pentsiodunen esanetan. Agintariei baliabide prebentiboak eskatu dizkiete kalera segurtasunez irten ahal izateko.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!