Haur eta nerabeen eskubideak aldarrikatzeko txalo zaparrada deitu dute domekarako

Aitziber Basauri 2020ko api. 25a, 12:30

Oinherri Herri Hezitzaileak ekimenak manifestua kaleratu du haurtzaroaren defentsan. Haur eta nerabeei hitza emateko momentua dela aldarrikatu dute, eta koronabirusarak eragindako alarma egoerak umeei eta nerabeei sortu dien "eskubide urraketari eta egoera latzari" arreta jarri behar zaiela nabarmendu. Domekan, apirilaren 26an, Euskal Herriko umeen aldeko txalo zaparrada deitu dute 12:00etan, orain arte erakutsi duten jarreragatik zoriontzeko, kalera irten ahalko dutela ospatzeko eta  haurren eskubideak aldarrikatzeko lan asko dagoela aldarrikatzeko.

Oinherri ekimenagaz bat egiten duen Eñaut Aiartzaguna iurretarrak azaldu duenez, "haurrak erdigunean jarriko dituen bestelako jendarte bat, haurren begiradatik sortutako jendarte bat" lortzeko ari dira lanean. "Haurrek erabakiak hartzeko eskubidea dute, erabakitzeko gaitasuna dute, eta erabakiguneetan egon behar dira", bere berbetan, "hori aintzat hartuta, beste jendarte desberdin bat sortzeko". Aiartzaguenak gogoratu du, nerabeek oraindik ez dutela kalera irtetzeko aukerarik.

Euskal Herrian 400dik gora norbanako dira Oinherri ekimenaren barruan eragile moduan lan egiten dutenak, eta 30 talde eragile inguru daude, zenbait udal tarteko. Aiartzaguenak azaldu duenez, "kolektibo zaurgarrienak erdigunean jarrita, eta herria horren inguruan saretzen dugunean elkar zaintzeko, denontzako komunitate bat sortzea lortuko dugu". 

Oinherri Herri Ekintzailea ekimeneko eragileen berbetan, "larrialdia egoerarekin ez dira kontutan hartu haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak, ezta beraien osasun integralerako beharrezko diren neurriak ere ez". Oineherrik Haurren Eskubideen Adierazpena du oinarri haurren defentsarako, eta nabarmendu du haurtzaroa eta nerabezaroa ez direla soilik etorkizuna, "oraina ere badira". Ildo horretan, diote "umeei hitza eman" behar zaiela eta "umeen hitza entzun" egin behar dela. Bestalde, haurtzaro eta gaztaro osasuntsu baten garapenerako naturaren presentzia "ezinbestekoa" dela diote. Hemen irakurri daiteke manifestu osoa.

Atxikitzeko klikatu hemen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!