#0km

"Honek guztiak tokiko komertzioak indartuta irteteko balio izatea espero dut”

Aitziber Basauri 2020ko api. 24a, 10:30

Durangaldeko Dendak Bai merkataritza elkarteak Durangoko, Iurretako eta Abadiñoko 180 bat komertzio batzen ditu. Koronabirusaren krisiaren eraginez, etorkizun zaila aurreikusten dute. Herritarrak, neurri batean, komertzio txikiak duen garrantziaz kontzientzia hartu duela uste du Alex Palacios elkarteko presidenteak.

Tokiko komertzioa oso heterogeneoa da. Baina, orokorrean, koronabirusak gogor kolpatu duen sektorea da. Zelan bizi duzue egoera?
Oso egoera latza da gehienontzat. Alde batetik, ez dugu diru sarrerarik, eta gastu finkoei aurre egin behar zaie (argindarra, autonomo kuota, lokalaren alokairua...), 2.000 eurotik 8.000 eurora arteko gastua, komertzioaren arabera.  Likidezia lortzera bideratu da indarra, bestela oso egoera konplikatua dugu aurrean. Bestetik, elikadura-dendak daude. Oso ondo dabiltza lanean, beharrezko neurri guztiak hartuta. Ordu asko ematen dituzte lanean, askoz ere egoera zailagoan, maskarak ipinita, distantzia neurriak zainduta… Alde horretatik, libratu diren bakarrak dira. Administrazio guztiek eman diezaguketen laguntza beharrezkoa da. Denak balio du. Soldata eta gastu finkotan, komertzio bakoitzak 3.500etik 4.000 eurora bitarteko galerak ditu.

Herritarrak komertzio txikira hurbildu direla esango zenuke?
Bai. Gertu duten komertzio hori gehiago baloratzen dute. Lehen erosketak saltoki handiagoetan egiten zituztenak orain auzoko harategira, fruta-dendara, arraindegira… joaten dira, askoz gehiago. Herritarrek ardura gehiago dute tokiko komertzioagaz, horrek bizi duen egoeraz jabetuta. Jendea horretaz kontzientziatu da.

Zeintzuk dira sektorerik kaltetuenak?
Arropa-dendena kasu berezia da, koronabirusaren krisia heldu zaien uneagaitik: udaberri-uda kanpainaren hasieran. Arropa guztia erosita, saltzeko prest zuten dendetan. Irabazi txikietarako sasoi garrantzitsua galtzen dabiltza,  eta berriro zabaltzen dutenerako ia beherapen sasoian egongo gara. Prezio borroka itzela egongo da. Ostalaritza ere oso arduratuta dago. Ez dakite noiz eta zelan zabalduko duten, neurri bereziekin zabalduko duten, aforoaren erdiagaz edo gutxiagogaz.

Zelan ikusten duzu etorkizuna? Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Etorkizun hurbila konplikatua ikusten dut. Zailtasunak izango ditugu denok egoera honetatik irten eta urtea amaitzeko. Dena dela, honek guztiak tokiko komertzioak indartuta irteteko balio izatea espero dut, kontzientzia hartzeko. Bizi dugun egoeran, elikagaigintzan diharduten denda txikiak egiten ari diren ahalegin handia kontuan hartzeko eskatuko nuke, eta gainerako guztiek euren negozioa zabaltzeko egingo duten esfortzua orain arteko zerbitzua ematen jarraitzeko. Gatxa da multinazionalei eta sareko plataformei aurre egitea, baina etenik barik gabiltza horretan lanean, gaurkotzen. Tokiko komertzioa babestea eskatuko nieke herritarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!