[BIDEOA] Etxealditik Euskaraldira dinamika ipini dute martxan, etxeko hizkuntza-ohituretan eragiteko

Ekaitz Herrera 2020ko api. 21a, 19:15

Etxealdian gaudela aprobetxatuta, "eguneko momentu batez hizkuntza-ohiturak aldatzen saiatzeko eta euskaraz egiteko" gonbitea egin dute dinamikako kideek. Egitasmoa apirilaren 21etik maiatzaren 3ra bitarteko egunetan garatuko da, faseka. Honako egitasmo hau udazkenean etortzekoa den Euskaraldiaren atarikotzat hartu daiteke

Durangoko Euskaraldiko batzordeak herritarrak animatu ditu egitasmoan parte hartu dezaten eta egunero momentu bat har dezaten euskaraz gehiago egiteko. Edozelan ere, Euskal Herri osora zabaltzen den egitasmoa da Euskaralditik Euskaraldira. Udazkenean etortzekoa den Euskaraldiaren atarikotzat hartu daiteke. Hauxe da hurrengo egunetako egitarau edo kronograma:

HAUSNARKETA FASEA

  • Apirilaren 21etik 23ra egingo da. Bakoitzak norekin zein hizkuntzatan berba egiten duen pentsatzeko momentua izango da. Gura duenak, fase honetan ere, etxeko leiho eta balkoian koloretako puntu batzuk jartzeko deia egiten dugu, kanpainari ikusgarritasuna emateko. Horretarako bideo lagungarri bat ere plazaratu dute dinamikaren bultzatzaileek.

PROPOSAMENEN FASEA

  • Apirilaren 24tik 30era egingo da. Egun bakoitzean proposamen bat egingo zaigu, euskara erabilera areagotzeko, egunerokotasunean ohikoak diren egoeretan normalean euskaraz egiten ez dugun horrekin euskaraz aritzeko, eguneko tarte batean. Adibide posible batzuk: egun batean afaria euskaraz egitea, beste egun batean kuadrilako online poteoa euskaraz egitea, beste batean dendariari euskaraz egitea, eta abar. Euskaraldiko sare sozialetan zabalduko dira eguneko proposamenak.

AZKEN EGUNA

  • Maiatzaren 3an ekimenaren amaiera izango da: Sorkuntzarekin lotutako zerbait plazaratzea eskatuko zaigu, aurreko egunetan prestatu duguna, ekimen honi amaiera emateko.
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!