Amankomunazgoak jakinarazi du alarma egoeran etxez etxeko arreta zerbitzua eskatu daitekeela, nahiz eta Aldundiaren diru-laguntza ere jasotzen egon

Ekaitz Herrera 2020ko api. 21a, 16:41

Amankomunazgoko araudien arabera, ez da posible etxez etxeko arreta zerbitzua eta Bizkaiko Foru Aldundiak menpekoari eskaintzen dion diru-laguntza aldi berean jasotzea. Alarma egoerak iraun bitartean, baina, behin-behineko irtenbide modura, bateragarriak dira biak. Normaltasuna itzulitakoan araudia berritu eta bateragarritasuna landu gura duela azaldu du Mireia Elkoroiribe presidenteak.

Dependentzia duten familiako kideak zaintzeaz arduratzen direnek laguntzarako helduleku berri bat dute alarma egoerak iraun bitartean: Amankomunazgoko etxez etxeko arreta zerbitzua eskatu ahalko dute nahiz eta aldi berean Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa jasotzen egon ("Familiaren ingurunean zaintzeko zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa", delakoa). Ezohiko neurria da, hain zuzen, ezohikoa delako alarma egoera.

"Ahalik eta erraztasunik handienak ematen saiatu gara", azaldu du Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak. "Aztertu dugu araudia, eta honakoa ondorioztatu dugu: Foru Aldundiaren diru-laguntzak eta Amankomunazgoaren zerbitzuak bateragarriak dira behin-behinean, alarma egoerak iraun bitartean." Izan ere, berez, arametro arruntetan, bi gauzak ez dira bateragarriak. Zaintzaileak ezin du etxez etxeko arreta zerbitzua jaso, menpekoa denak aldez aurretik Aldundiaren laguntza ekonomikoa jasotzen baldin badu. Elkoroiribek dio Amankomunazgoko araudiak ez duela halakorik ahalbidetzen gaur egun. "Udal bakoitzak izan behar du bateragarritasuna onartuta, eta hori da hain zuzen, gure kasuan, onartuta ez dagoena. Etxez etxeko zerbitzua gura baduzu, uko egin behar diozu PECEFari (Aldundiaren diru-laguntzari)".

Araudia berritzeko asmoak, bateragarritasuna lortzeko

Aurrerantzean araudia berrikusi eta bateragarritasuna bilatzeko bideak aztertuko dituztela adierazi du Elkoroiribek. "Ez da gai erraza. Hainbat faktore hartu behar dira kontuan, eta ikusten duguna da herri eta Mankomunitate bakoitzak bere eredua duela. Berrizek eta Zornotzak, adibidez, eredu desberdinak dituzte. Bakoitzak bere araudia du, eta Durangaldeko Amankomunazgoak ere egin behar du berea. Garrantzia handiko gaia denez, ondo landu gura dugu", dio. Aurreikuspenen arabera, datorren urterako aurrekontuetan araudi berria islatuta ikusi gurako luke Amankomunazgoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!