“Zientzialariek, eta bereziki medikuek, urteak daramatzate hau etorriko zela esaten”

Hiruka 2020ko api. 21a, 10:00

Konfinamendua ezarri baino egun bat lehenago, Guillermo Quindosek 'Un par de verdades sobre el coronavirus' berbaldia eskaini zuen EHUn. Luze aritu da COVID-19 gaitzaren pandemiaz Hirukak egindako elkarrizketan. 

Egoera honek ez du aurrekaririk. Zertan da desberdina birus hau?
Koronabirus bakoitzak bere ezaugarriak ditu. 60ko hamarkadan ezagutu genituen lehenengoek arnasbideetako sintoma arinak sortzen zituzten: hotzeria, katarroa… Oso-oso gutxitan eragiten zuten pneumonia, hau da, gaitz
larria. Tira, eta segitzen dute urtero jendea gaixotzen. Neguan ditugun hamar hotzeritatik bizpahiru koronabirusek eragiten ei dituzte, baina normalean ez dira diagnostikatu ere egiten. Geroago ezagutu genituen beste koronabirus bi, SARS eta MERS. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina biek eragiten dute arnasbideetako gaitz akutu eta larria. Oraingo hau, SARS-CoV-2, SARSaren oso antzekoa da, berdina du genomaren %80 inguru.

Baina…
Honek zer du? Gripea eragiten duten birus gehienak bezain kutsakorra da gutxi gorabehera; kutsatzen diren hamarretik 8-9k sintoma arinak edo ertainak dituzten arren, beste 1-2k ospitaleratzea behar dute, sintoma larriak dituzte eta. Eta horien artean, beharbada hamarretik batek ZIUra joan behar du. Hau da, gaixotzen diren guztien %0,5. Asko zabaltzen den birusa izanda, portzentaje horiekin gainezka egin dezake ospitaleetako osasun-arretak. Eta badakigu zein den horren emaitza: gaixoak korridoreetan, kasu larri batzuk ezin neurri eraginkorrenagaz tratatzea… Gripeak urtero eragiten du ospitaleak betetzea, baina honek hori gainditu du.   

Eta kasu larri gehiago eragin…
Urteroko gripeak kasu larri gutxiago eragiten ditu, arrazoi sinple bigaitik: bata txertoak ditugula, eta bestea gripearen aurkako botikak ditugula. Baina ez daukagu tratamendu espezifikorik oraingo koronabirus honen aurka. Tratamendu asko erabiltzen ari dira, baina ez dakigu zer balio duen bakoitzak. Erabili ahala egiten dira proba klinikoak. Edozelan ere, litekeena da urtebete barru txertoa izatea. 

Rafael Bengoa Osasun sailburu ohiak elkarrizketa batean esan zuen zazpi urte behar izaten direla txerto bat garatzeko. Fidatu behar dugu urtebetean garatzen denaz?
Txerto baten garapenak zazpi urte iraun dezake, efektu kaltegarrien edo immunizatze-gaitasunaren gaineko datu guztiak batzeko behar den denbora kontuan hartzen badugu. Baina txertoa denbora laburragoan garatu daiteke. Ebolarena 18-24 hilean lortu zen, oker ez banago. Beste kontu bat da ondoren galbahe batzuetatik pasatu behar izatea, baina uste dut oraingo egoeran, immunizatzeari eta segurtasunari dagokienez baldintza jakin batzuk beteko lituzkeen txerto bat erabiliko litzatekeela.

Futbolaz berba egin ordez, epidemiologiaz berba egiten dugun honetan “zoonosi” esaten ere ikasi dugu. Hau da, animaliengandik gugana igarotzen diren gaixotasunak. Izan dira mende honetan horren adibideak: aipaturiko MERS eta SARS, A gripea, hegazti-gripea eta abar. Ezin zitekeen hau aurreikusi?   
Denok geunden abisupean. Osasunaren Mundu Erakundea (OME) aspaldi dabil X pandemiaz ohartarazten. Hau da, prest egon behar genuen honelako zerbait ailegatzeko. Are gehiago, X pandemia ia seguru animaliengandik helduko dela esanda dute.

Zergaitik?
Argi dagoelako agertzen ari diren gaixotasun berriak (infekziosoez ari naiz) zoonosiak direla. Jakinaren gainean geunden, argi dago. Zientzialariek, eta bereziki medikuek, urteak daramatzate hau etorriko zela esaten. Baina egunez egun bizi gara, edo, zehatzago esateko, gure agintariak egunez egun bizi dira, ekonomiaren zenbakiak doitzeko ahaleginean, eta batzuetan, doiketa hori egiteko, osasungintza eta batez ere ikerkuntza ahultzen dituzte.

Animaliengandik kutsatzea erraza da, behin hartu-emanetan ipinita?
Ez, ez da hain erraza. Bakterio eta birus batzuek animaliak zein gizakiak gaixotzen dituzte, eta seguruenik oso aspalditik gizakiak kutsatzen dituzten espezie batzuk animaliengandik etorriko zitzaizkigun. Beste espezie batzuk, ostera, animalia bati egokitzen zaizkio, eta aldaketa edo mutazioren bat behar izaten da gizakiengan infekzioak eragin ahal izateko. Ondorioz, aukera gehiago dago hain egonkorrak ez diren bakterioek edo birusek zoonosia eragiteko, eta normalean ARNz egindakoak izaten dira ezegonkorrenak, koronabirusak esate baterako.

Hau bada X pandemia, zer pentsatu behar dugu Y pandemiaz? Beldurtu behar genuke?
Ez dakigu zer gertatuko den, baina lasaitasun-mezua eman behar da; pandemia honetaz asko ikasten ari gara eta geroago eta prestakuntza handiagoa dugu. Bide batez ikusten ari gara nahi izanez gero beste gauza batzuei ere buelta eman diezaiekegula, klima-aldaketari esaterako. Eta horrek ere badu honegaz zerikusia, tenperatura globala handitzeak eta deforestazioa areagotzeak lagundu egiten baitute gaixotasun infekziosoek gora egin dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!