"Badakigu josten; beraz, zer gutxiago lehenengo lerroan dauden horiei laguntzea baino"

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 17a, 10:31

Konfinamendua hasi zenetik, hainbat dira egunerokoan herritarrek egin behar dituzten lanak: telelana, umeak eta nagusiak zaindu, etxeko lanak egin, erosketak... Durangaldean sortu den jostun taldetxo batek beste zeregin bat gehitu dio bere eguneroko lanari: osasun langileentzat maskarak egitea. Orain arte, afizioz eta ondo pasatzeko josi izan dute, baina, azken hilabete honetan, jostea lana bilakatu da, euren borondatez egindako lana. Galdakaoko mediku batek material falta zutela esan zien lagun batzuei. Lagun horietariko bi, zerbait egin behar zela-eta, Abadiñoko Kakorratz taldeagaz hartu-emanetan ipini ziren.

"Medikuek ez dutela babes neurririk... Ba, bakoitzak ahal duen heinean lagundu eta gure aletxoa ipintzen ahaleginduko gara pentsatu genuen", adierazi du Saioa Zuazubiskar Kakorratz taldeko kideak. Ordutik, eta birritan pentsatu barik, sare hau osatu duten kideek martxan dituzte josteko makinak. Hasieran, Kakorratz taldeko hainbat emakume hasi zen maskarak egiten, eta gertuko besteren bat ere bai. Orain, Abadiñoko, Durangoko eta Atxondoko hamazazpi jostun daude.  Hala ere, taldetxoa ez dute jostunek bakarrik osatzen;  koordinazioan dabiltzan hiru lagun ere badaude. "Zalantza izan genuen taldearen zabalkundea egin ala ez, baina ez genekien zenbat material izango genuen, eta, gainera, sarea zenbat eta gehiago zabaldu, horrek koordinazioa gehiago zailduko zuen; baita banaketa ere", adierazi du Zuazubiskarrek.

Orain lau bat aste ekin zioten lanari, eta bakoitzak zortzi bat maskara egin zituen etxean lehenengo astean. "Lehenengo aste horretan probazko maskarak egin genituen, baina hastera gindoazela gelditzeko esan ziguten. Gure maskarillek helburu jakin bat dute, osasun lagileentzat dira,  eta, beraz, derrigorrezkoa da material homologatua erabiltzea. Material aproposa izan arte gehiago ez egiteko esan ziguten", azaldu du Zuazubiskarrek. Berehala lortu zuten materiala, eta lehenengo txandan, astebetean, telazko 1.500 maskara egin zituzten. Hurrengo astean, telazkoak barik paperezkoak egin zituzten. 1.088 guztira. Orain, hirugarren txanda bat prestatzen dabiltza.

Lanean dabiltzan gainerako beharginek lez, jostun hauek ere hainbat babes neurri hartu behar izaten dituzte maskarak egiterako orduan. "Guk erabili behar dugun materiala Bilbon mozten dute, eta taldeko batek ekartzen du eskualdera. Ondoren, etxerik etxeko banaketa egiten da. Abadiñon, esaterako, udaltzaingoak banatzen du", esplikatu du. Behin materiala etxean dutela, desinfektatu egiten dute dena: jasotako materiala, josteko makina eta mahai ingurua. "Lanean gabiltzala maskarak ipintzeko agindu digute azken asteotan. Paperezko maskarak egiten gabiltza, eta horiek ezin dira desinfektatu. Beraz, maskarak jantzita gabiltza lanean", esan du jostun abadiñarrak.

Bestalde, sare honetan zein beste hainbat saretan euren aletxoa ipintzen dabiltzan herritarren lana azpimarratu gura izan dute jostunek. "Gure kasuan, ezinbestekoak dira Bilbon materiala moztu duena, Durangaldera ekartzen duena, banaketa egiten duten udaltzainak eta dena koordinatzen dutenak. Eta beste sareetako jendea ere: Abadiñoko beste talde bateko jostunak, bere burua eskaini duen psikologoa, nagusiei janaria eta botikak eramaten dabiltzanak... Tristea da herritarrek horrela ibili behar izatea, benetan gestionatu behar zutenek ez dutelako hau guzti hau gestionatu", amaitu du Zuazubiskarrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!