Zein da tokiko euskarazko hedabideen balioa alarma egoera honetan?
Nire ustez, egoera tamalgarri honek argi baino argiago utzi du sarritan bigarren mailakotzat jotzen diren toki komunikabideen garrantzia. Honelako egoera batean, hedabide handiek, halabeharrez, egoeraren maila orokor edo globalera jotzen dute: bateko eta besteko gobernuak zer dioen, munduan zelan doazen gauzak… informazio hori behar-beharrezkoa da, noski, baina hau bezalako egoera batean, denok gabiltza urduri eguneroko bizitzari dagozkion erabaki praktikoak hartzeko orduan. Inguru hurbilean zer gertatzen ari den jakitea ezinbestekoa zaigu eguneroko erabakiak hartzeko. Eta hedabide generalistek ez dute modurik errealitatea auzoz auzo kontatzeko. Hori tokikoek baino ezin dute egin.
Informazioaren pluraltasuna bermatzerakoan, zein da tokikoen papera?
Aniztasun horri bi aldetatik begiratu diezaiokegu. Alde batetik, badago komunikabideen ildo editoriala, nolabait esateko, jabea nor den eta noren alde egiten den. Toki komunikabideetan, eta, zorionez, euskarazko medioetan oro har, ez dago kontzentrazio hori. Guztiak dira jabe ezberdinenak eta, gainera, gehien-gehienak -guztiak ez esateagatik- gizarte ekimenetik sortuak dira, eta ez enpresa edo ekonomia zein politika talde handien interesak babesteko. Alde horretatik, uste dut ez garela jabetzen zer nolako luxua den gaur egun lobby ekonomiko eta politikoen esferatik kanpoko komunikabideak izatea. Pribilegiatuak gara horregatik. Bestetik, tokikoen kasuan, aniztasuna informazio iturrietan ere badugu. Albisteak gertatzen diren lekuan bertan gaude, iturrietatik oso gertu. Tokikoetan ematen den informazioa ez da medio handietan ematen dena bezain ‘prozesatua’. Koloragarri eta kontserbagarririk gabea da.
Audientziak aldatu egin dira krisia hasi zenetik? Jendeak inoiz baino beharrezkoago du ondo informatuta egotea? Are gehiago fake news-ak eguneroko bihurtu diren honetan?
Tokiko informazioa funtsezkoa da gure bizitzan. Eta ezohiko egoera horretan oso garrantzitsua da, bai, informazio zehatz eta puntuala izatea, zurrumurruak eta albisteak ondo bereiztea… horretan guztian, komunikabideek, tokikoek eta beste guztiek, oso paper garrantzitsua dute egunotan. Denok ikas dezagun interneteko sare sozialak ez direla informazio iturri fidagarriak. Baina tira, bigarren horrekin ez daukat esperantza handirik…
Tokiko informazioaren inguruko egarri hori argi islatzen da, adibidez, TOKIKOMeko webguneetako kontsumoari erreparatzen badiogu. Martxoaren 3tik 23ra, webguneek 1.504.200 bisita izan zituzten guztira, aurreko 20 egunetan baino %34 gehiago. Batez beste, webgune bakoitzaren bisitak %38 hazi dira aurreko 20 egunokin alderatuta. Baina trafiko hazkundea askoz ere handiagoa izan da gaixotasuna azkarren zabaldu den eremuetan. Arabako Aleak, adibidez, ohiko trafikoa hirukoiztu du ia. Bizkaian, berriz, Hego Uribeko Geuria ere hortxe-hortxe ibili da, %142ko hazkundearekin. Arriskua gertuen ikusten dutenek toki komunikabideetara jo dute informazio bila. Tokikomeko hedabideok koronabirusari buruzko datu estatistikoak lantzeko egin dugun ahalegina nabarmenduko nuke.
ANBOTOren kasuan ere, lan handia egiten ari zarete bai webgunean eta baita paperean ere. Martxo osoko datuak otsailekoekin konparatuta, bisitak %28 hazi dira, eta ikusitako orrialdeak %30 pasatxo, igoera handi batekin martxoaren 14tik 22ra bitartean. Bisita gehien martxoaren 19an izan dira, 7.550, aurreko hilabeteko (3880) datua ia-ia bikoiztuta.