Amankomunazgoak Ajangizko Maier enpresak emandako ia 1.800 babes-bisera bananduko ditu Durangaldean

Ekaitz Herrera 2020ko api. 6a, 12:00

Amankomunazgoak bihar ekingo dio biserak Durangaldeko udaletan, merkatarien elkarteetan, egoitzetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen artean banatzeari. "Egun hauetan beren lana egiten ari diren pertsonak babestea da helburua, beren eguneroko jarduerarekin ahalik eta segurtasun handienarekin jarraitu ahal izan dezaten", azaldu du Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak.

Azken egunotako ekintza solidarioei batu zaie Ajangizko Maier kooperatiba. Enpresa horretan ekoitzitako 1.780 bisera Amankomunazgoaren eskuetan ipini dituzte, azken honek, inguruko eragileengan eta babestu beharreko langileengan banatu ditzan. “Egun hauetan hainbat izan dira ezagutu ditudan ekimen solidarioak. Polita eta garrantzitsua da horrelako egoeran bakoitzak bere onena ateratzea. Zalantza barik, jarrera honek osasun larrialdi egoera hau arinago eta hobeto gainditzera lagunduko gaitu” nabarmendu du Elkoroiribek. Amankomunazgoko presidenteak eskerrak eman dizkio Maier enpresari, erakutsitako konpromisoagatik, dedikazioagatik eta elkartasunagatik.

 



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!