Txalo zaparrada egitera deitu dute, senideen zaintzaileak egiten ari diren lana eskertzeko

Ekaitz Herrera 2020ko api. 3a, 15:44

Amankomunazgoak eskerrak eman dizkie "egoera konplexu honetan" senideen zaintza lanak egiteaz arduratzen diren kideei. Omenaldi txiki bat egin gura die, eta, horretarako, gaur, 20:00etan balkoietara irtetea eta txalo zaparrada haiei eskaintzea proposatu du. Egunotan, Amankomunazgoaren Zaindu programak etenbako jarraipena egiten die senideak zaintzeaz arduratzen diren 50 kideri

Amankomunazgoak azaldu duenez, Zaindu zerbitzua "telefono bidezko laguntza, sostengu psikologikoa eta aholkularitza" eskaintzen ari da egunotan. Etenbako jarraipena egiten ari zaie senideren bat zaintzeaz arduratzen diren 50 bat herritarri. Amankomunagoak azaldu duenez, WhatsApp bezalako sareen bidez, familiei laguntzeko materiala ere ematen ari dira. Laguntzarako sare soziala indartzeaz gain, erabiltzaileek jarduera ezberdinak egin ahal izatea eta nork bere burua zaintzea ahalbidetzen du material horrek.

Amankomunazgoak gogora ekarri du senideak zaintzen dituztenentzako zerbitzuak eskuragarri daudela Durangaldeko herritarrentzat. 94 603 00 46 telefonora deituta edo zaindu.mdurango@bizkaia.org helbidera idatzita ipini daiteke Zaindu zerbitzuagaz harremanetan. Doako zerbitzua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!