"Langileon artean testak egitea lehentasunezkoa da, kutsatutakoak alboratu eta gainerakoek egoiliarrak hobeto babesteko"

Aritz Maldonado 2020ko api. 4a, 10:00

Adinekoena gizatalderik zaurgarrienetariko bat da Covid 19ak eragindako krisialdi honetan. Gaixotasuna haientzat da arriskutsuen, eta horrek zaildu egiten du egoera. Horren adibide, zahar etxeak dira. Babes neurriak hartu diren arren, sindikatuek neurri berriak eskatu dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, 155 egoitza daude Bizkaian (guztira, 10.748 plaza), eta 86 dira "positibo baieztatua" duten erabiltzaileak; fokuak 28 zentrotan daude identifikatuta.

Alaine Fernandezek Busturiako zahar etxe batean lan egiten du, baina Durangon bizi da. Egoitzak 80 bat plaza ditu eta ia guztiak beteta daude. Egoitza askotan lez, egoiliarrak bakartuta daude, ez kutsatzeko. "Gelan igarotzen dute egun osoa, bakarrik; otorduak ere bertan egiten dituzte", adierazi du Fernandezek. Egoiliarren animoan ez ezik, egoera horrek langileenean ere badu eragina. "Egoera honek lan karga handiagoa dakar langileontzat; jende gehiago kontratatu dute, baina ez da nahikoa", esan du.

Egoiliarrak "triste"
Fernandezen berbetan, egoiliarrak ahalik eta erosoen egotea da euren lanaren helburua, are gehiago egungo testuinguruan. "Gure esku dagoen guztia egiten dugu haiek animatzeko. Egoiliarrak triste daude, ezin dutelako familiakoen bisitarik jaso, eta eurak animatzen ahalegintzen gara", azaldu du Fernandezek. Eurekin jostatzen dira, eta egunkaria ere irakurtzen diete, ahal duten heinean. "Hala ere, ez gara heltzen guk gura genukeen mailako zerbitzura", esan du.

Testak, lehentasunezko
Fernandez gaixotasunaren sintomak igartzen hasi zen eta berrogeialdian dago. Beste dozena bat langile bere egoera beretsuan daudela esan du: "Langileon artean testak egitea lehentasunezkoa dela uste dugu, langile kutsatuak identifikatzea oso lagungarria delako. Horrela, langile kutsatuak alboratu, eta gainerakoek hobeto babestu ditzakete egoiliarrak. Baina, horretarako, langileetariko nor dagoen kutsatuta eta nor ez jakin behar dugu", gaineratu du. Azken asteetan enpresak EPI sorta bat jaso du, eta baldintza hobeetan egin dezakete lan orain. "Maskarillak birziklatzen ibili behar izan dugu, adibidez. Hiru-lau egunean segidan erabili behar izan ditugu, gehiagorik ez genuelako", esan du. Testaren erantzuna itxaron bitartean, baikor dago Fernandez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!