1.505 eskularru pare eta maskaratxo, etxez etxeko arreta zerbitzua ematen duten langileentzat

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 27a, 15:31

EUDELek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien elkarteak babes ekipamenduak banatzeari ekin dio. Durangoko Udalaren eskutan 1.505 eskularru-pare eta maskaratxo ipini ditu, honek, eskualdeko udalerri nagusia izanda, inguruko Mankomunitateetan banatu ditzan. Babes neurri horiek Durangoko Amankomunazgoan eta Ermua-Mallabikoan banatuko dira. Baita Zornotzako eta Berrizko gizarte zerbitzuetako langileen artean ere.

Durangaldeko udal brigadako langileek gaur bertan ekin diote EUDELek helarazitako maskarak eta eskularruak banatzeari. Gizarte zerbitzuetako langileak babesteko ekipamenduak dira, eta zehazki, etxez etxeko arreta zerbitzua eskaintzen dutenei zuzendutako ekipamenduak dira. Material banaketa hori honako toki hauetan egingo du Durangoko Udalak: Durangoko Amankomunazgoan eta Ermua-Mallabikoan, Lea-Artibaiko eta Lea Ibarreko Mankomunitateetan, eta baita Zornotzan eta Berrizen ere.

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak udal brigadaren lana eskertu du: "COVID-19 bezalako egoera ahularekin elkartasuna erakusten duen lan-taldea dugu. Ekintza horiek erakusten dute elkartasun-loturak mantentzen ditugun bitartean indartsuagoak izango garela ezbeharren aurrean. Erakundeen arteko elkarlanak irtenbidea eman behar die horrelako beharrei, beraz, hemen egongo gara gure laguntza eskaintzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!