“Errutinak zehazteak, elikaduran bereziki, bizi dugun egoera hobeto eramaten lagunduko digu"

Anboto 2020ko mar. 29a, 10:30

Konfinamenduak zaildu egiten du gure eguneroko errutinei eustea. Zer esanik ez elikadura ohiturak mantentzea. Bada, bizi dugun ezohiko egoera hau plater osasuntsuak lantzeko motibazio bihurtu daiteke. Berrogeialditik irtetean, osasuntsu elikatzeko plater aukera zabalagoa izango dugu. Hala uste dute Durangon On-Ekin dietetika eta nutrizio zentroa duten Andrea Larreak (Oñati, 1994) eta Nahia Zeziagak (Arrasate, 1994). Osasuntsu jatea aspergarria den ustea baztertu, eta jaki osasuntsuekin plater gozoak prestatzeko eta probatzeko momentua topatu behar dela diote.

Egoera ezohiko honetan, zer egin dezakegu osasuntsu jateko?
Andrea: Egunerokoan errutina batzuk mantendu, gure eginbeharren eta elikaduraren plangintza eginez. Horrek mokaduak jatea edo tentaldirako gogoa samurtuko du. Garrantzitsua da gutiziarako unea zein den jakitea, gure buruari apur bat itxaron genezakeela esateko. Dena dela, koherenteak izango gara eta egoera ezohikoa dela kontuan hartuta, helburu errealistak ipiniko ditugu. 

Aldiro hozkailura joatea saihestuko dugu?

Andrea: Arazoa goiz erdian edo arratsaldean ezer ez jatea planteatzea izaten da. Bada, beharrezko ikusiz gero, zerbait jatea gomendatuko nuke, baina benetan gura dugun zerbait. Jango duguna planifikatu dezakegu edo aukeraketa osasuntsu bat inprobisatu. Aukeraketa egokia eginez gero, ez du zertan baztergarria izan.

Hala ere, egindako aukeraketa ez da beti osasuntsuena. 
Andrea: Janari ez osasuntsu horri (gailetak, txokolatea...) lekua topatzea da garrantzitsua, batez ere kalitate baxukoak badira. Maiztasuna zehaztu behar da, bestela beti izango da une ona. Kontzienteki egiten bada, aukera on bat izan daiteke. Baina beti izango da hobea hamaiketako eta merienda osasuntsua egitea: fruta, infusioren bat, jogurta zereal edo frutekin, edo kalitatezko jakiak ogi artean sartuta (atuna, humusa….). Mila aukera daude. Gozozaleek etxean kalitatezko bizkotxoa egiteko aprobetxatu dezakete, kalitatezko osagaiekin.

Bateragarriak dira dieta osasuntsua eta goserik ez izatea? Ez dugu irribarrea galduko?
Andrea: Garrantzitsua da irribarrea ez galtzea.
Nahia: Kantitateak baino gehiago, kalitateak du garrantzia. Gustura jan behar dugu, eta errezeta edo plater osasuntsuekin ere gozatu dezakegula jabetu behar gara. Elikadura ohitura osasungarriak hartzera eta hauek mantentzera animatzen dugu jendea. Horretarako, garrantzitsua da osasuntsua den janaria erakargarri egitea. 

Pizza edo gofrea osasuntsuak izan daitezkeela diozue. Zelan da hori?
Andrea: Gofreak egiteko, kalitatezko hirina eta datilak erabili daitezke, edo kalitatezko txokolate beltza, urtuta, marrubiak gehituta. Pizzarako masa tradizionala etxean egin daiteke, edo azalore oinarria.

Zein da dieta osasuntsu baten etsaia?
Andrea: Gose emozionala, egoera emozionala, jakien bidez asetzea.
Nahia: Produktu ez osasungarriak hain eskuragarri izatea, eta sinistarazi diguten hainbat uste (osasuntsu jatea aspergarria dela, asko sufrituko dugula…). Osasuntsu bizi gaitezke, disfrutatuz. 

Konfinamenduan, antsietatea, emozioak, intentsifikatu daitezke eta elikadura ohituretan eragin.
Andrea: Bai. Bizitako egoeraz eta eragin diezagukeenaz kontzientzia hartu behar dugu, eta elikagaietara jo barik erantzun bat ematen saiatu. Elikadurara joten badugu, kalitatezko elikagaien bitartez izan dadila. Hau guztia ikasketa prozesu bat da. Denboragaz eta entrenatzeagaz gose emozional hori noiz agertzen den identifikatzen ahaleginduko gara, aurre hartzen, estrategia berriak aurre egiteko. Hori bai, malguak izan behar dugu. Oso zorrotzak izan ohi gara eta egoera ezohikoa bizi dugu. Errutinak finkatzeak, elikaduran bereziki, bizi dugun egoera hobeto eramaten lagunduko digu.

Zeintzuk dira janariagaz lotutako mito nagusiak?
Nahia:
Frutarik ezin dela jan 18:00etatik aurrera, banana txarra dela azukre asko duelako, edo otorduetan ezin dela urik edan. Elikaduraren oinarria barazkiak izan behar dira, eta hauen ia %90 ura da.
Andrea: Ligth produktuak ez dira zertan hobeak izan. 

Ahuakatea dago orain modan…
Andrea:
Oso osagarri ona da eta zapore gozoa du. Ahuakatea gehituta, eguneroko eredu osasuntsua hobetuko dugu, osasuntsuago egongo gara, baina ez soilik ahuakatea jaten dugulako.
Nahia: Elikagai-plan osasuntsua egin daiteke betiko janariagaz ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!