Autonomoak eta enpresari indibidualak diruz laguntzeko 3.000.000 euroko funtsa sortu du Lanbidek

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 24a, 12:52

Gizarte Segurantzarako kotizazio gastuak eta alokairu-errentak diru-lagunduko du Eusko Jaurlaritzak

Koronabirusaren eraginez "pertsiana jaitsi behar izan duten" herritarren egoera arindu gura du Eusko Jaurlaritzak.  Lanbideren eskutik 3 milioi euroko funts bat sortu du, horrekin Gizarte Segurantzako kotizazio gastuak eta alokairu-errentak estaltzen laguntzeko.

Diru-laguntzaren eskatzaileak Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egon beharko du, bertan izan behar du bizilekua, eta bertan izan behar ditu enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala. Onura enpresaburu eta profesional indibidualek eskatu ahalko dute. Baita Ondasun Erkidegoetako eta Sozietate Zibiletako bazkideek ere, betiere, diru-laguntza norberaren izenean eskatzen badute

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, honako kontzeptu hauek lagundu ahalko dira diruz:

  • Autonomoen kasuan, norberaren konturako langile gisa: kotizazioaren ordainketari lotutako kuotak, betiere, honakoetako bati lotuta badago:  Langile Autonomoen Araubide Bereziari edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzako dagokion araubideari edo nahitaezko mutualitate profesionalei . Gastu hori Lanbidek barik beste administrazio publikoren batek laguntzen badu, eskaria ez da balekotzat joko.
  • Negozio-lokalen errentamendua: diruz lagunduko da, betiere, familia-etxebizitza baten parte ez badira, lokalaren errentatzailearekin odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko 2. mailarainoko ahaidetasunik ez badago, eta errentatzaile gisa diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide ez bada.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!