"Beste herrialdeetako turisten hegaldiek irten dute eta Euskal Herrikook ezin dugu irten Lanzarotetik"

Jone Guenetxea 2020ko mar. 21a, 14:35

Durangaldeko familia bi Lanzarotetik itzuli ezinik daude. "Etxera bueltatu gura dugu", diote bideo honetan. 

Koronabirusari aurre egiteko neurriak hartu barik zeudenean, Durangaldeko familia bi Lanzarotera joan ziren. Harrezkero, neurriak zorrozten joan dira, eta hegaldiak bertan behera gelditu direnez, uhartean harrapatuta gelditu dira. Egoera berean daude Euskal Herritik hara oporretan joandako beste 37 lagun.

Durangoko familietariko bat hotel batean dago. Gurasoak eta 9 urteko semea dira. Arduratuta daude, hotelean bakarrik gelditu direlako. "Turista guztiak joan dira. Herrialde guztietakoei hegaldiak ipini dizkiete etxera itzultzeko", azaldu dute. Gainera, hotelek zarratzeko agindua eman dute. Beste familia Abadiñon bizi den neska elorriarra, bere 13 hilabeteko umea eta amama dira. Familia hau beste hotel batean dago. "Ez dugu ulertzen zelan ez diguten hegazkin bat ipintzen Loiura joateko. Euskal Herriko batzuek itsasontzia hartu dute Cadizera joateko. Handik autoa hartzeko asmoa ei dute. Nik 13 hilabeteko ume bategaz ezin dut hori egin", dio neska elorriarrak. 

Lanzaroten harrapatuta gelditu diren eskaldunek laguntza eskatu diote gobernuari. Erantzun argi baten zain daude.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!