Baserritarren merkatuak "behar diren osasun bermeekin" egitea eskatu die EHNEk udalei

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 20a, 15:00
Iazko San Blas azoka.

Herritarren eroste eskubidea eta baserritarren lan eskubidea uztartu ahal izateko neurriak eskatu dituzte. Ordiziako azokan hartutakoak ipini dituzte adibide modura. Sindikatuak azpimarratu du "elikadura gune handien" aldean, "plazara eramaten diren jatekoek ekoizpen eta banaketa kate oso laburra" dutela, eta, ondorioz, "kutsadura punturen bat sortzeko aukera gero eta gutxiago" dagoela

Plazetan eta merkatuetan saltzen duten baserritarrenganako kezka agertu du EHNE sindikatuak. "Erakundeen aldetik elikadura sistema mantentzea funtsezkoa" dela esaten dela-eta, baserritarren osasuna eta lana bermatzea gura du. Horregatik, udalei dei egin die haien herrietan egiten diren merkatu zein plaza azoketan "behar diren osasun bermeekin" jokatzera.

Ordiziako azokan (Gipuzkoa) hartutako neurriak ipini ditu EHNEk adibide modura. Besteak beste baserritar bat bakarrik egon daiteke postuan, 9:00etatik 12:00etara egingo dute lan, 65 urtetik gorakoek debekatuta dute bertara joatea, eskularruak erabiltzen dituzte eta produktuek ezingo dute eroslearen aurrean egon, saltzailearen atzean baino.

Kutsatzeko arrisku gutxiago

EHNEk dioenez, koronabirusagatiko kutsatzeak eragiteko aukera gutxiago dago baserri azoketan. Horren azalpena banaketa katean legoke. "Etengabe eskuak garbitu behar direla argi daukagu denok. Eta jatekoak zenbat eta esku gutxiagoetatik pasatu, kutsadura punturen bat sortzeko aukera gero eta gutxiago dagoela argi dago. Gure baserrietako produktuak baserritarraren eskutik bezeroaren eskura besterik ez dira pasatzen. Elikadura gune haundietan elikagai bat ekoiztu denetik, bezeroaren eskuetara heltzen den arte, hainbat eskuetatik pasatzen dira eta neurri zorrotzak hartu arren, zenbat eta kate-begi gehiago izan, are eta errazagoa da kate horretan kutsadura punturen bat sortzea", dio.

EHNEk gogora ekarri du, halaber, indarrean dagoen errege-dekretuak lan eskubidea baimentzen duela; baserritarrena ere bai.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!