"Medikua naiz eta oraintxe bertan joango nintzateke lanera; baina ezin dut, sintomak ditut"

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 15a, 20:02

Durangaldeko bikote bat etxean isolatuta dago berrogeialdia egiten. Medikua da euretako bat. Ez daki ziur covid-19 gaixotasuna ote duen, baina sintoma nabariak ditu. Etxean isolatua dago, eta sintomarik ez dutenei ere etxean gelditzeko deia egin die.  "Horrek ahalbidetuko du osasun zerbitzuek modurik eraginkorrenean lan egitea" , dio. Osasun lankideen lana goraipatu du eta zalantza asko izango dituzten arren, lehen lerroan segitzera deitu ditu.Bere bikotekidea berarekin batera dago isolatua. Oraingoz, ez du sintomarik.

Zer moduz zaudete? Zein sintoma duzue?

Hobeto nago. Eztulagaz, sukarragaz eta flemekin nabil azken egunotan. Atzo urgentzietara joan nintzen eta tratamendu bat ipini zidaten. Harrezkero hobetzen nabil. Izan ere, asmatikoa naiz. Bronkioetako gaixotasunak izan ditut, eta on egin dit tratamenduak. Bide onetik doa hau, ondo nago.

Osasun zerbitzuek ez dizute covid-19 gaixotasuna duzunik baieztatu, baina badaezpada, isolamendu neurriak hartzea erabaki duzu.

Medikuntza arloan egiten dut lan, beraz, lanean nagoela, jende askorekin dut kontaktua. Horretaz aparte, pertsona soziala ere banaiz. Elkarte batzuetan mugitzen naiz, berdin lagunekin, eta kalean ere bai. Direla pazienteak, direla lagunak edo familiako kideak, kontaktu asko dut eta beharrezkoa da isolamendua.

Isolamenduan egonda, nola egiten zaio aurre egunerokotasunari, esaterako, elikagaien hornidurari?

Nik sintomak ditut, baina nire bikotekideak ez. Horrenbestez, nik ezingo nuke etxetik irten, baina bai nire bikotekideak. Fruta, okela edo barazkiak behar ditugula? Bikotekideak irten beharko luke. Dena dela, aldez aurretik bolada baterako elikagaiak baditugu etxean. Zerbait beharko bagenu, familiako kideengana edo lagunengana ere jo ahalko genuke. Elikagaiak etxe atarian utziko lizkigukete. Hartu eta eskuak garbituko genituzke. Izan ere, hori da hartu behar dugun neurririk inportanteena: gurea ez den zerbait ikutu eta gero, eskuak garbitzea. Herritar askok eskularruak erabiltzen dituzte, baina horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik. Kutsatuta dagoen zerbait eskularruekin ikutuko bagenu, eta ondoren eskularru hori aurpegira eramango bagenu, berdin-berdin kutsatuko gara. Eskularruak ere garbitu behar dira.

"Herritar askok eskularruak erabiltzen dituzte, baina horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik. Kutsatuta dagoen zerbait eskularruekin ikutuko bagenu, eta ondoren eskularru hori aurpegira eramango bagenu, berdin-berdin kutsatuko gara"

Zein neurri hartu behar ditugu etxetik irteterakoan eta etxe barruan?

Etxean egon behar gara denok. Punto. Ahalik eta gutxien joan behar da supermerkatura. Eta joaten baldin bagara, beti-beti mandendu beharko dugu metro eta erdiko distantzia. Ez dezagun ezohiko ezer erosi. Erosi beharrezkoa bakar-bakarrik. Eta txakurra aterako badugu, berdin. Ahalik eta denborarik gutxien egingo dugu kalean. Txakurrak egin ditzala bere beharrak  eta buelta etxera. Etxe barruan, honelako egoera dugu: bikotekidea gela batean dago. Ni beste toki batean. Metro bateko distantzia mantendu ohi dugu. Urgentzietara ez joan. Ezta ere osasun zentrora. Sintomarik balego, deitu telefonoz.

Medikua zara, baina dituzun sintomak direla-eta ezin duzu lanik egin.

Lanera joateko gogoa dut. Medikua naiz, oraintxe bertan joango nintzateke lanera, baina ezin dut. Sintomak ditut, eta osasun sistemak ez du halakorik ahalbidetzen herritar gehiago kutsatu ditzakeedalako. Halako min bat sortzen dit nahi eta ezin horrek... Lanean banengo, etxera bidaliko nituzte isolamendurik behar ez duten guztiak. Hori da behar duguna. Etxean geratu beharra dago. Punto. Ez dago besterik. Horrek ahalbidetuko du osasun zerbitzuek modurik eraginkorrenean lan egitea. Eta hori behar dugu medikuok: lan egin eta herritarrak sendatu. Pentsa: lankide asko bajan daude, eta baja etetea eskatzen ari dira, lanera itzuli eta laguntzeko, gutxienez, modu telematikoan, ordenagailu bidez. Zalantza asko izango dituzten arren, lehen lerroan segitzeko eskatuko nieke lankideei.

"Lankide asko bajan daude gaixotasuna dela medio. Baja etetea eskatzen ari dira, lanera itzuli eta laguntzeko, modu telematikoan, ordenagailu bidez"

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!