Eusko Jaurlaritzak ikastetxe guztiak itxiko ditu 15 egunetan, bihartik hasita

Anboto 2020ko mar. 12a, 12:30

Haurreskolei, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei, Lanbide Heziketako zentroei eta unibertsitateei eragiten die erabakiak, Miren Nekane Murga Osasun arloko sailburuak azaldu duenez. Eskolaz kanpoko ekintzak ere bertan behera utzi dituzte.

"Jabetzen gara horrelako erabakiek gizartean duten eraginaz, baina uste dugu neurri egokiak direla birusaren hedapena gelditzeko. Osasun publikoko kontua da", adierazi du Murgak gaur eguerdiko agerraldian. "Euskadiko umeak osasuntsu daude, baina euren ezaugarriengatik, birusa hartzeko eta transmititzeko kolektiboa osatzen dute. Daukadun beldurra da, gaixotasuna etxera eraman dezaketela eta han pertsona zaurgarriak egon daitezkeela: aitona-amonak edo eta gaixotasun kronikodun pertsonak", arrazoitu du sailburuak. "Koronabirusari eusteko neurri bat da", gehitu du.

Neurriak 15 eguneko iraupena izango du, bihartik hasita. Ikastetxe eta zentroek bazekiten erabakiaren berri gaur goizetik, Hezkuntza Sailetik jakinarazi dietelako. "Aldi baterako etenaldia ez da eskola jardueraren etenalditzat hartu behar", azaldu du Cristina Uriarte Hezkuntza Saileko sailburuak. "Aitzitik ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten", gehitu du. Horregatik, ikastetxeetako langileek beren ohiko ordutegiari eutsiko diote. "Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak", Uriarteren esanetan.

346 pertsonek dute koronobirusa

Gaixo kopuruei buruzko datuak eman dituzte. Gaur, 346 lagunek dute koronabirusa eta euretako 147 ospitalean daude. Guztira, 11 pertsona hil dira gaixotasunak eraginda. Honako hauek dira datuak lurraldeka: Araban 259 kasu daude, Bizkaian 71 kasu  —38 ospitalizatuta— eta  Gipuzkoan 16.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!