Koronabirusa dela-eta, Euskadiko Futbol Federakundeak bertan behera utzi ditu partidu guztiak

Joseba Derteano 2020ko mar. 11a, 14:08
Durangoko Kulturaleko partidu bat.

Erabakiak durangaldeko hainbat talderi eragiten die: Durangoko Kulturaleko gizonen taldeari eta Elorrio futbol klubeko emakumeen taldeari futbolean, eta Durangoko Sasikoari eta Elorrioko Parra Tabernari areto futbolean.

“Euskadiko Futbol Federakundeak bere eskumenaren menpe dauden txapelketa guztietako partidak bertan behera uztea erabaki du”, jasotzen du argitaratu berri duten oharrak. Erabakiak “gaurtik hasita informazio gehiago izan arte” iraungo du.

“Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Futbol Federazioak emandako aholkuak kontutan hartuta, neurri hauek hartzea dela egokiena uste dugu”, arrazoitu dute erabakia.

Honako liga hauetako eskumena du Euskadiko federazioak: Hirugarren Maila, Gazteen Nazional Liga, Gazteen Euskal Liga, Kadeteen Euskal Liga, Emakumeen Euskal Liga eta Areto Futboleko Hirugarren Maila eta Euskal Liga.

Eskualdeko hainbat talderi eragiten die erabakiak: futboleko Hirugarren Mailan Durangoko Kulturalak eta Vitoriak zapatuan Tabiran jokatu behar zuten partiduari, Euskal Ligan Elorriok eta Goierrik jokatu behar zutenari, eta areto futboleko Hirugarren Mailan Sasikoa-Antiguoko eta Elorrioko Parra Taberna-Santurtzi partiduei. Gazte eta kadete mailako taldeei ere eragiten die.

Momentuz Bizkaiko Futbol Federazioak ez du ezer jakinarazi bere menpeko ligen inguruan. Ohar baten bidez argitu du telefono dei asko jasotzen ari direla asteburuko partiduei buruz galdetzeko, baina Bizkaiko Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko argibideen zain daudela erabaki bat hartu ahal izateko.

Amorebietaren partidua ere bertan behera

Bere aldetik, Espainiako Futbol Federazioak beste komunikatu bat argitaratu du profesional mailakoak ez diren partiduak bertan behar uzten dituela jakinaraziz. Erabakiak aste biko iraupena izango du. Neurriak Amorebieta futbol klubari eragiten dio: asteburu honetan Burgos taldearen aurka etxean jokatu beharreko neurketa bertan behera geratu da eta baita hurrengo astean Unionistas taldearen aurka jokatu behar zuena ere.

Tabirako Baqué-ko nagusien partidua atea itxita

Espainiako Saskibaloi Federazioak jakinarazi du bere menpeko ligetako partiduak ateak itxita jokatuko direla. Neurri horrek EBA Mailan jokatzen duen Tabirako Baqué gizonen talde nagusiari eta Zilarrezko Mailan ari den Zornotza Saskibaloi Taldeari eragiten die. 

Euskal Saskibaloi Federazioaren erabakia

Euskal Saskibaloi Federazioak bertan behar utzi ditu Gasteizen jokatu beharreko hainbat partidu. Erabakiak ez die eskualdeko taldeei eragiten. Gasteiztik kanpora jokatu behar duten Gasteizko taldeen kasuan, federazioak talde horiei eskatzen die partiduak jokatzeko asmorik baduten ala ez jakinarazteko. Bihar, eguena, 12:00 arteko epea dute horretarako. Azken erabaki horrek Tabirako Baqué klubeko partidu biri eragiten die: gizonen Bigarren Mailako Tabirako Baqué-San Prudencio partiduari eta junior mailako Tabirako Baqué-Egibide Araski nesken taldeari.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!