Lur-jausia Zaldibarren

CCOO sindikatuak bat egin du Zaldibar Argituk deitutako mobilizazioekin

Anboto 2020ko mar. 9a, 14:42

“Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak topatzea, eta lur-jausiagatik eratorri daitezkeen erantzunkizun politikoak” argitzea “lehentasunak” dira CCOO sindikatuak azaldu duenez. Eguenerako aurreikusitako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute

Zaldibar Argituren deialdiak atxikimenduak jasotzen segitzen du. Pasa den astean hainbat sindikatuk egin zuten bat plataformaren deialdiarekin, eta gaur CCOO sindikatuak ere agertu du bere atxikimendua. Deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du sindikatuak. Aurreratu dutenez, Loli Garcia idazkari orokorrak eta Lan-osasun eta ingurumen arloko Alfonso Rios arduradunak izango dira, besteak beste, mobilizazioetan parte hartuko dutenak.

Mobilizazioak eguenean

Zaldibar Argitu plataformak lanuztera deitu du. Eguenean geldialdiak egingo dituzte Mallabian, Zaldibarren, Elgetan, Ermuan eta Eibarren. Eitzagan gertatutakoa argitzea eta desagerturik dauden bi langileak ahalik lasterren erreskatatzea eskatuki dute. Lanuzteak 12:00etatik 15:00etara egingo dira. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, mobilizazioak egingo dituzte Ermuan eta Eibarren, “Langileak, osasunak, erantzunkizunak” lelopean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!