Morgaetxebarria zornotzarra eta Azkarraga-Urizar elorriarra Mallabiko Biharko Izarrak pilota txapelketan arituko dira, estreinakoz

J.D./I.G. 2020ko mar. 4a, 13:43

Mallabiko Biharko Izarrak pilota txapelketa martxan da. Afizionatu mailan, txapelketarik garrantzisuenetarikoa da, eta fruitu asko emandakoa. Ekainaren 12ko finalera arte, Euskal Herriko 24 pilotarik parte hartuko dute. Artean izango dira Aimar Morgaetxebarria zornotzarra eta Gontzal Azkarraga-Urizar elorriarra. Biek ala biek atzeko koadroetan jokatuko dute eta Biharko Izarrak txapelketan jokatuko duten lehenbiziko aldia izango da bientzat. Aurreko barikuan ekin zioten txapelketak eguen iluntzetan izango ditu jaialdi ia guztiak.

Azkarraga-Urizarrek eta Morgaetxebarriak "sorpresa handiagaz" jaso zuten txapelketan jokatzeko eskaintza: "Muturra sartzea gatxa da afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsuenetan jokatzen ez zaudenean", adierazi zuen Azkarraga-Urizarrek Mallabiko Trabakua Behekoa jatetxean egin zuten aurkezpenean. Morgaetxebarriak nabarmendu zuen maila "handia" dagoela nagusien mailan.

Zornotzarrak lehenengoz jokatuko du nagusien kategorian (gazte mailan dabil gaur egun). Zornotzako Lagun Onak pilota taldeko atzelariak hamazortzi urte egingo ditu aurten. Helburua "ahalik eta mailarik onenean jokatzea" izango delarik, badaki ez dela erraza izango. "Txapelketan behartuta jokatzera egongo naizela uste dut", esan zuen atzelariak. Euskal Herriko Txapelketan finalerdietara heldu da, Xabi Beitia lekeitiarragaz batera. Barikuan finalerako txartela izango dute jokoan, Bergaran (Gipuzkoa).

Bestalde, Azkarraga-Urizar beteranoagoa da afizionatu mailan, aurten 21 urte egingo ditu eta. Hala ere, ez dago ohituta afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsuenetan jokatzera, nahiz eta azkenaldian torneo dezentetan aritu den. "Itxura eman eta beste txapelketa batzuetako ateak zabaltzea" izango da elorriarraren helburua. Formatu bera duen Donostiako Pilotaren Txokoa txapelketan finalera heldu da, eta aurretik Tolosako (Gipuzkoa) Soroa txapelketan jokatuta dator.

Denak denen aurka
Azkarraga-Urizarrek badaki zer den bikote finkorik bako txapelketa jokatzea. 24 pilotariak multzo bitan banatuko dira. Multzo horietan, seina aurrelari eta seina atzelari egongo dira, eta denek denekin jokatuko dute, jardunaldi bakoitzean bikote desberdinak osatuz. Sei jardunaldi eta hiru hilabete geroago, multzo bakoitzetik punturik gehien bildu dituzten aurrelari bik eta atzelari bik aurrera egingo dute. Durangaldeko pilotari biei "polita" iruditzen zaie txapelketa formatu hau. "Txapelketa honek erakusten du lana bakarka egin behar dela eta norberak egin behar dituela merituak", esan du Azkarraga-Urizarrek.

Malle Pilota Taldeko ordezkariak 2004tik hona dabiltza txapelketa antolatzen. Ordutik, profesional mailara heldu den pilotari ugari igaro da. Iazko finaleko lau pilotarietatik bik, Iker Salaberriak eta Iñigo Bikuñak, Aspe enpresagaz salto egin zuten profesional mailara. Orain dela urte bi, Abadiñoko arbasoak dituen Javier Zabala errioxarra ere bertan izan zen.  Horiez gainera, Jokin Altunak, Beñat Rezustak, Danel Elezkanok, Iñaki Artolak eta izen handiko beste zenbait pilotarik jokatu dute Mallabiko frontoian. Beraz, 2020ko ediziotik izarren bat ateratzeko aukera asko egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!