Lixibiatuen inguruko kezkak airean daude. URA agentziak hainbat analisi egin ditu Zaldibarko hondakindegiaren inguruko errekastoetan, eta plazaratu dituen azken emaitzak otsailaren 18ko ur-hartzeei dagozkie. Bertan ikusten denez, bi elementuk gainditu dituzte baimendutako "ingurumen-kalitate arauak": amonioak eta OEK parametroak. Elementu kutsatzaile organikoak kimikoki degradatzeko beharko litzatekeen oxigeno-kantitatea adierazten du OEK indizeak.
Bestalde, pasa den otsailaren 20an hondakindegian sortzen ari ziren lixibiatuak erretenitzeko lanei ekin zien URAk, horretarako kamioi xurgatzaile bat erabilita. Lixibiatu horiek erreketara iritsi zitezen ekiditea zuen helburu. Egun horretatik aurrera ur-hartzeak eta analisiak egiten aritu diren arren, horien emaitzak ez dituzte oraindik jakinarazi.
143 parametro neurtzen ari dira guztira. Amonioa eta OEK parametroa dira ingurumen-kalitateak ezarritako muga gainditzen dutenak. Aixolako errekastoan topatu dituzte indize horiek; ez Aixolako urtegian.