Aizkoran eta harrijasotzen, Gisasola eta Magunazelaia final handien atarian daude

Joseba Derteano 2020ko ots. 22a, 10:00

Herri kiroletan, Durangaldeko kirolari gazte bi zeresana ematen ari dira: Urdax Magunazelaia harrijasotzen eta Ioritz Gisasola, Zelai IV.a, aizkoran. Bata zein bestea final garrantzitsuen atarian daude.

Magunazelaia 22 urteko abadiñarraren kasua ez sinesteko modukoa da, lorpen berezia delako. Sei urtean harrijasotze mundutik aparte egon eta gero, plazetara itzuli da eta egundoko mailan dabil. Abadiñon, sanblasetan, erakustaldia emanda gainditu zuen kanporaketa bat, eta joan zen asteburuan, Oñatin, Urrezko Harrijasotze Txapelketako finalera sailkatu zen. Martxoaren 7an izango du finala, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Azpeitian egongo da Ioritz Gisasola 22 urteko mallabitarra ere. Bere kasuan, Urrezko Aizkora Txapelketaren finalean arituko da, 23 urtez azpiko mailan. Binaka lehiatuko da, Suharri Rodriguez hernaniarragaz batera.

Finalean txapela irabazteko aukera ikusten du Gisasolak. "Oñatiko kanporaketaren aurretik, ez nekien ondo zeintzuk ziren gure aukerak, baina denborarik onenagaz sailkatu ginela kontuan hartuta, finala irabazteko aukera dudala uste dut. Jakina, hori egunean bertan erakutsi beharko dugu", adierazi du.

Gisasolak eta Rodriguezek lehenengoz osatu dute bikotea, eta orain arte "oso ondo" elkar hartu dute. Azpimarratzekoa da Rodriguez ematen dabilen maila, kontuan hartu behar baita orain urtebete baino ez zela hasi aizkora txapelketetan parte hartzen. "Indartsua eta txispatsua da", definitu du Gisasolak.

Urteko helburuak
Iazkoa urte bikaina izan zen Gisasolarentzat. Bizkaiko txapelketan lehenengo mailara igo zen eta Euskal Herrikoan hirugarrenetik bigarren mailarako saltoa eman zuen. Aurtengo helburu nagusia mailari eustea izango da, txapelketa batean zein bestean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!