Lur-jausia Zaldibarren

Mallabiko eta Zaldibarko ikasleak ez dira patiora irtengo gaur

Ekaitz Herrera 2020ko ots. 17a, 10:41

Zaldibarko ikastetxeko iturriek azaldu dutenez Hezkuntza Sailak egindako gomendioa da. Leihorik ez zabaltzeko, gune estali eta itxietan egoteko, eta, heziketa fisikoko klaseak gune zarratuetan ematea gomendatu diete. Mallabiko ikastetxeetan patiora ez irteteko erabakia hartu dute

Mallabiko haurreskolan 12 ume hartzen dituzte. Urtebete eta urte bi inguru dituzten 9 ume, eta jaioberriak eta urtebete inguru dituzten beste 3. Bertako arduradunek azaldu dutenez, gaur patiora ez irteteko erabakia hartu dute.

Learreta-Markina ikastetxean ere, antzeko. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 100 ume hartzen ditu ikastetxeak guztira. Klaseak modu normalean ari dira ematen, baina patiora ez irteteko erabakia hatu dute. Jolasordua ikastetxe barruan pasako dute umeek. "Momentuz hala jarraituko dugu, albiste eta airearen kalitatearen inguruko berri gehiagoren zain", diote. 

Mallabiko Lanbide Hastapenerako ikastetxean ariketa fisikoa kalean egiteari muga ipiniko diote. Dena den, hango ikasleak adinez nagusiak direnez, kalera irteteko mugarik izango ez dutela azaldu dute ikastetxetik.

Zaldibarko ikastetxean (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzen da bertan), Hezkuntsa Sailaren oharra jaso dute. Bertan gomendatu dietenaren arabera, leihoak zarratuta izateko, eta umeak gune itxi eta estalietan egoteko gomendioa jaso dute. Jolasorduan ez dira patiora irtengo, eta heziketa fisikoko klaseak kiroldegi zarratuaren barruan emango dituztela jakinarazi dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!