“Luis Mari Bengoak burua ondo berotu zidan eta txapelketara aurkeztea erabaki nuen”

Maialen Zuazubiskar 2020ko ots. 15a, 11:00
Argazkia: Egursport

Sei urtean harririk jaso barik egon eta gero, otsailaren 3an, San Blas egunean, Urdax Magunazelaia plazara irten zen berriro. Abadiñarrak Urrezko Harrijasotze Txapelketako kanporaketa nagusitasunez irabazi zuen, erakustaldia emanda. Asteburuan, Oñatin izango du hurrengo kanporaketa.

 

San Blas egunean berriro harria jasotzen ikusi zintugun. Zer dela-eta hartu duzu plazara itzultzeko erabakia?
Luis Mari Bengoak berriro hasi behar nuela esaten zidan, burua ondo berotu zidan, eta, azkenean, txapelketara aurkeztea erabaki nuen. Berriketaldia sanblasetarako hilabete falta zela izan zen, eta entrenamendu handirik egin barik joan nintzen.

Abadiñon nagusitasunez irabazi zenuen. Itxaroten zenuen emaitza izan zen?
Egia esan, itxaroten nuena baino hobeto egin nuen. Abadiñoko txapelketara lau entrenamendu eginda joan nintzen, entrenatu barik ia-ia.

Norberaren herrian herri kirolen mundura itzultzea, eta, gainera, nagusitasunez irabaztea, berezia izango da.
Bai, oso berezia. Norberaren herrian muga altu ipinita garaipena lortzea izugarria da.

Asteburu honetan beste kanporaketa bat izango duzu, Oñatin. Zein asmogaz zoaz?
San Blasetan Abadiñon lortu nuen marka berdindu edo hobetzen ahalegintzea da asmoa.

Hemendik aurrera, txapelketa gehiagotan ikusiko zaitugu?
Baliteke, bai. Oraingoz, martxoaren 7an Azpeitian jokatuko den Urrezko Harrijasotze Txapelketako finala ondo prestatzea da nire helburu nagusia. Aurkari indartsuak izango dira han, baina neurea ematera joango naiz.   

Sei urtean harririk jaso barik egon eta gero, izan duzu hartu-emanik kirol munduagaz?
Bai, pare bat urtean boxeoan ibili nintzen. Baina nire pisuan ez dago irteera handirik. Beraz, ixtea erabaki nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!