Durangaldeko familientzat elikadurari buruzko lau saio praktiko antolatu dituzte

Joseba Derteano 2020ko urt. 17a, 13:37

Berton Bertoko mugimenduak eta Elikadura Burujabetza erakundeak elkarlanean antolatutako ekimena da. Durangon, Zornotzan, Zaldibarren eta Atxondoko Akebaso jatetxean doako saio bana eskainiko dute otsailean eta martxoan zehar.

“Saioetan gure eguneroko elikaduraren gaia landuko da, bai familian eta bai eskolan, ikuspegi kritiko eta praktiko batetik”, azaldu du Berton Bertokoako kide Isabel Gonzalezek. Ekintza horiekin elikadurari “merezi duen benetako garrantzia” eman gura izan diote, horren inguruko kezka duten pertsonak foro berean elkartuz. “Komunitatea eta hartueman sarea indartzea  da ekimenaren helburuetako bat”, esan du Gonzalezek Akebaso jatetxean eskaini duten prentsaurrekoan.

Elikadura Burujabetza erakundeko Eneko Viñuelak adierazi duenez, eskola komunitateetatik “eskaera asko” jaso dituzte elikaduraren inguruko formazio eta lanabes praktikoak eskatuz, eta jardunaldiek beharrizan horri erantzuten diote. Durangaldean ez ezik, Bilbon, Busturian, Uribe-Kostan eta Bakion ere garatuko dute elikadura eskola.

Anbotopeko elkarteko Kike Bilbaok “elikadura eredua aldatzeko lanean” dabiltzan eragileen arteko “sinergiak” sendotzeko beharra azpimarratu du.

Doako saioen izen-ematea

Saio praktikoetarako izen-ematea doakoa da eta otsailaren 7ra arte egin daiteke. Durangaldeko familia denei irekita dago eta umezaintza eskainiko dute, kontziliziazioa errazteko. Gai bakoitzeko adituak izango dira hizlariak.

SAIO PRAKTIKOAK

Otsailak 10, 17:30, Durangoko Zabalarra eskola: Kontsumitzen den produktuen jatorriarekin eta banaketa- kanalak ezagutzearen garrantziarekin lotutako elikadura aztertuko da, bai eta erosketak lehen sektorean duen eragina ere; hau da, zer eragin duten erosketek ingurunean, tokiko ekoizleengan, ingurumarian…

Otsailak 17, 17:30, Zornotzako Zelaieta Zentroa: Ikuspuntu nutrizionalera eta osasungarrira bideratuko da, nutrizioan aditua den pertsona baten jarraibide eta gomendioekin, baina planteatzen diren eguneko zalantza praktikoak ere argituko dira.

Otsailak 24, 17:30, Zaldibarko eskolan: Eskola-jantokietako elikaduraren gaia landuko da  gaur eguneko errealitatean zentratuz eta ikastetxeetako ezinbesteko zerbitzu honetan jaten denari eta jaten den moduari buruz zenbat dakigun partekatuz, guztion artean hobetzeko zer egin daitekeen partekatuz.

Martxoak 5, 17:30, Atxondoko Akebaso jatetxea: Saio praktikoa showcooking edo sukaldaritza tailer bat izango da, Iñigo Fuertes sukaldariaren eskutik. Ondoren azalduko du menua zertan datzan, eta, amaitzeko, nahi duena menu hori afaltzera gera daiteke, 35 euroko prezioan. Menua sasoiko eta gertuko produktuekin egingo da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!