“Bertakoak eta ekologikoak diren produktuak saldu eta erosi daitezkeen leku bat da Anbotopeko denda”

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 22a, 10:20

Urte berriagaz, denda berri bat zabalduko dute Elorrion. Herritarrei bertakoak eta ekologikoak diren produktuak eskaintzeko asmoz, bederatzi ekoizlek Anbotopeko denda zabalduko dute udalaren laguntzagaz.

Zer da Anbotopeko?
Kike Bilbao:
Gauza askoren artean, bertakoak eta ez hain bertakoak eta ekologikoak diren produktuak saldu eta erosi daitezkeen leku bat da. Salmenta puntu bat da, asteko erosketa egiteko aukera emango duena. Horrez gainera, elkargune bat izatea ere gura dugu, eta bertan beste aktibitate batzuk egitea; esaterako, elikadura burujabetzaren inguruko berbaldiak ematea.

Zelan erabaki duzue denda zabaltzea?
Anton Solozabal:
Orain hiru bat urte, produktore eta kontsumitzaile batzuk batu ginen, zerbait egiteko premia ikusten genuen eta. Bakoitza bere aldetik genbiltzan, handik eta hemendik saltzen, eta leku finko baten beharrizana genuen.
Kike: Horretan genbiltzala, Apatako igerilekuetan taberna hartzeko aukera sortu zitzaigun, eta horrek bultzada bat eman zigun. Ikusi genuen horrelako proiektu batean sartzea zaila zela eta atzetik lan asko zegoela egiteko, udalagaz berba egin...

Zer produktu aurkituko dituzte herritarrek?
Anton:
Gure asmoa eguneroko erosketak bertan egiteko aukera eskaintzea da. Ezingo dugu denerik saldu, baina gauza asko bai.
Kike: Arrain freskoa eta izoztutako generoa izan ezik, gainerako produktuen zerrenda osatzea lortu dugu ia-ia. Olioa, txerri eta txahal okela, fruta, barazkiak, lekariak, ogia, kontserbak, xaboiak... Denerik  erosi ahalko da.

Anbotopekon edozeinek erosi ahal izango du ala derrigorrezkoa izango da bazkide izatea?
Anton:
Edozeinek erosi ahalko du gure dendan. Baina bazkideek onura batzuk izango dituzte. Esaterako, %5eko deskontua izango dute, baita produktu espezifiko batzuetan lehentasuna ere.
Kike: Gainera, bazkideek batzarretan parte hartzeko aukera izango dute, eta baita boto eskubidea ere. Printzipioz, ez dugu proiektu itxi bat izatea gura, eta zalantzak dituztenei edo pertsona nagusiei ere aukera eskaini gura diegu bertan erosteko. Egia esan, bazkideak egitea ere badugu helburu, baina   gura duenak arazorik barik erosi ahal izango du bertan.

Produktoreren batek proiektura batzea gura badu, izango du horretarako aukera?
Anton:
Bai, baina sartu gura duenak neurri batzuk bete beharko ditu, eta zehaztuta ditugun arauei jarraitu beharko die.

Zer ordutegi izango du?
Kike:
Denda astelehenetik zapatura zabaltzea izango da asmoa. Astelehenetik barikura, goizetan pare bat orduan egongo da zabalik, eta arratsaldetan beste pare bat orduan. Zapatuetan, ostera, goizean baino ez dugu zabalduko.

Zerbait gehitzeko?
Kike:
Eskerrak eman gura dizkiogu Elorrioko Udalari lokal hau ixtearren. Irabazi asmorik bako proiektua da gurea, eta horrelakoentzat gauza handia da lokala izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!