“Gaztetan ez nituen ideiak oso argi. Gustatzen zaidana egin dut eta bide horrek honaino ekarri nau”

Jone Guenetxea 2020ko urt. 17a, 09:00

Adituek diotenez, Andeka Gorrotxategi (Abadiño, 1977) azken 50 urteotako tenorerik garrantzitsuena da Euskal Herrian. Abadiñarrak Durangoko kontserbatorioko koruan ekin zion bideari. Orain, opera denboraldia duten nazioarteko antzokirik garrantzitsuenetan entzun daiteke bere ahotsa. Horien guztien artean, emanaldi batek zabalkunde handia izan du. Sidneyko Opera Houseko teilatutik Turandot opera abesten agertzen den bideoa milioika lagunek ikusi dute.

Zelan pasatu dituzu Gabonak Euskal Herrian?
Laburra egin zait. Bilbon eta Getxon kontzertu bana eman dudanez, etxean denbora gutxi pasatu dut. Entseatzen eta elkarrizketak egiten lanpetuta ibili naiz. Hala ere, pozgarria izan da.

‘Alere!’ lanagaz euskal operaren une gogoangarriak taularatu dituzu. Zein sentsazio utzi dizu?
Sentsazio ona, eta proiektu horregaz jarraitzea itxaroten dut. Proiektu honetan, euskal operaren zatiekin kontzertua osatu dugu. Aurrera begira, ildo horretatik jarraitzea gustatuko litzaidake. Esate baterako, kontzertu honetan agertu diren operetatik bat hautatu eta kontzertua ematea. Ez dakit zein izango den Andekazaleak elkartearen asmoa, baina euskal musika plazaratzeko zabaldu duten bide horretatik jarraitzea interesgarria litzateke. Euskal operako lanak oso gutxitan taularatzen dira, eta gero ahaztu egiten dira. Gure kultura guk geuk defendatu beharko dugu.

Badago opera entzuteko tradiziorik Euskal Herrian?
Bai, zaletasuna egon badago. Eta Euskal Herrian abesteko ohitura handia egon da. Agian opera arloan ez hainbeste, baina bai kontzertuak eta antzezpenak egiteko. Hori alde batera utzi da, eta gauza berriak sortzeko aurretik egin diren gauzak ezin ditugu ahaztu.

Durangoko kontserbatorioan hasi zenituen ikasketak. Momentu hartan, imajinatzen zenuen mundua zeharkatuko zenuela tenore lez?
Gaztetan ez nituen ideiak oso argi. Gaztetatik gustatzen zaidana egin dut, eta honaino ekarri nau. Hogeita piku urte izan arte ez nekien neure burua non ikusten nuen. 18-19 urtegaz hasi nintzen kantatzen. Musika munduan 8 urtegaz solfeoa ikasten hasi nintzen eta 12 bat urtegaz utzi egin nuen. Geroago, koruan apuntatu nintzen. Badago jendea lehenago hasten dena kantatzen. Mutilen artean ahots aldaketa bat egoten da 15 urte buelta horretan. Prozesua ez da 17-18 urtera arte amaitzen.

Zelakoak izan ziren lehenengo pausoak mundu profesionalean?
Amateur-profesional lez hasi nintzen lanean, gauza txikiak egiten. Euskal Herrian zarzuelak egiten nituen. Ez nekien zer pasatuko zen. Ez nuen gehiegi pentsatu gura etorkizunean. Lan hobeak topatzen hasi nintzenean lasaitasun handia hartu nuen, konturatu nintzelako nire bizitza musikara bideratu nezakeela.

Zelan eman zenuen antzoki handietarako jauzi hori?
Amateur-profesional sasoian horretatik bizi nintzen. Gero, agente bat topatu nuen eta opera denboraldiak dituzten antzokietara joaten hasi nintzen.

Ibilbide horretan, zein antzoki edo kontzertu izan dira esanguratsuenak?
Ikuspuntu profesionaletik, kontzertu guztiak dira garrantzitsuak. Inoiz ez dakizu hurrengo kontratua nondik etorriko zaizun. Kontzertu guztietan egon daiteke zuzendariren bat bere operara eramateko interesatuta. Ikuspuntu pertsonalean, Veneziako teatroan nire emaztea ezagutu nuen eta hori oso berezia izan zen. Madame Butterfly antzezten genbiltzala elkar ezagutu genuen; bera dantzaria da. Bestalde, Sidneyko antzokia ere garrantzitsua da. Askotan lan egin dut han, eta asko maite naute.

Familia izanda, bizimodu hau ez da erraza izango. Zelan konpontzen zarete?
Garain bizi gara. Lehen, familia osoa mugitzen zen nigaz, baina orain umeak eskolan hasi dira eta etxean gelditzen dira. Noizbehinka etortzen dira. Gainera, nire emaztea dantzaria da eta bizitza profesional hori laburragoa da. Orain ikasten dabil, azterketak prestatzen.

Musikaren mundua oso exigentea da. Eta zu zeure buruagaz?
Perfekzioa bilatzen gabiltza beti, nahiz eta sekula ez topatu.

Adituek diote brontzezko ahotsa duzula. Zer esan gura du horrek?
Gauza oso subjektiboa da hori. Metalikoa, indartsua dela esan gura du. Baina ahots batek sentsazio bat transmititu diezaioke bakoitzari. Kristalezko ahotsak, esaterako, zer esan gura du?  Gardena dela… Pentsatzen ari den pertsonaren burura datozen irudiak izaten dira. Oso subjektiboa denez, ez diot garrantzi gehiegirik ematen. Sentimendu bati adjektiboak ipintzea da. Bakoitzak bere modura interpretatuko du.

Zein proiektu duzu orain esku artean?
Orain La Boheme prestatzen nabil, Montecarlon. Hile amaieran antzeztuko dugu, eta gero etxera joango naiz egun batzuetarako. Handik Palma Mallorcakora joango naiz, hilabete inguru, Carmen abestera. Gero, egun batzuetarako etxera joango naiz, eta gero Australiara eta Alemaniara joango naiz.

Zer gelditzen zaio egiteko Andekari?
Pozik nago orain nagoen moduan. Urte batzuk oraingo moduan lan egitea gura nuke. Hori bai, urte batzuk barru kontserbatorioren batean kantu irakaslea izatea gustatuko litzaidake.

Zeure burua irakasle lez ikusten duzu?
Bai, eta, irakasle izateaz gainera, etxetik hurbil egon ahal izatea asko baloratzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!