Berrizko belodromoa estaltzeko proiektua idatziko du Amankomunazgoak 2020an

Joseba Derteano 2019ko abe. 20a, 17:31

Ondoren, erakunde desberdinen laguntza bilatuko du proiektua gauzatzeko.

Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoko presidente Mireia Elkoroiribek eta presidenteorde Javier Crespok 2020ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur. Legegintzaldi osora begiratu ildo estrategikoen berri ere eman dute.

Eskualdean mugikortasun jasangarria sustatzea da ildo estrategiko bat, besteak beste, bizikleta bidezko mugikortasuna indartuz. Eskema horren barruan, Berrizko belodromoa estaltzeko asmoari bultzada bat eman gura diote. “Bizkaian ez dago beste belodromorik eta pena da sarritan ez erabili ahal izatea ez dagoelako estalita. Bizkaiko txapelketak behin baino gehiagotan antolatu behar izan dituzte Nafarroan”, azaldu du Elkoroiribek. Ildo horretatik 2020an belodromoa estaltzeko proiektua idatziko dute. “Gero ikusiko dugu zer egin daitekeen hori gauzatzeko. Badakigu inbertsio garrantzitsua eskatuko duela, baina finantziazio laguntzak Europatik, estatutik edo beste hainbat tokitatik heldu daitezke, eta proiektua prest izateak, aukera dagoenean garatzeko modua eskaintzen du”, adierazi du.

Mugikortasun jasangarriko estrategiaren barruan kokatzen da eskualdeko bidegorri sarea bultzatzea eta Bike Innovation Hub (BIH) sortzea. BIH-aren helburua izango da bizikleta bidezko mugikortasunean egon daitezkeen negozio berriak bultzatzea. “Gure eskualdea automozioari lotuta dago eta sektore hori eraldatzen ari da auto elektrikoen etorreragaz. Hori aukera moduan ikusi gura dugu, bizikleta bidezko mugikortasunean negozio eta lanpostu berriak sortzeko”, azaldu du Elkoroiribek.

Airearen kalitatea eta klima-aldaketa

Airearen kalitateari buruzko informazio-jardunaldi bat antolatzea da legegintzaldi honetako beste ekintza estrategiko bat. Horrez gainera, aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriak bultzatu gura dituzte. Esaterako, udalen arteko itun edo akordio bat bilatuko dute, zer ekintza komun egin daitezkeen definitzeko.

Aurrekontu ia erdia herritarren zerbitzuetara

Legealdi honetan antolaketa berria estreinatu du Amankomunazgoak. Hiru arlotan banatuta dago: Herritarrak, Toki Garapena eta Antolakuntza.

Aurrekontuen zenbateko osoa 6.689.325 eurokoa da, iaz baino %2.89 handiagoa. Kopuru horren ia erdia, 3.857.118 euro, Herritarrak arloak eramango du. Arlo horretako proiektu batzuk honako hauek dira: adinekoentzako arreta-zerbitzua abian jartzea, Galtzaretako eraikineko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea, eta, zerbitzu-zorroa ezartzeko ibilbide-orria definitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!