“Kontua serioa da: euskal artzain txakurra galzorian dago”

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 29a, 10:00

"Bai, bai, halantxik da. Kontu serioa da. Euskal artzain txakurra galzorian dago". Aho bizarrik barik berba egiten duena Jone Atxotegi Eizagirre da, Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak (EATA) elkarteko kideetariko bat. Durangarra da sortzez, nahiz eta Abadiñon bizi den gaur egun. "Herritar askok ez dakite hau. Horregatik, noizbait informazio eske datozenean eta hau esaten diegunean, aho-zabalik geratzen dira", adierazi du.

Alarmarako botoia EATA elkarteak sakatu du, eta FAO erakundearen irizpideak mahaigaineratu ditu horretarako. Nazio Batuen Erakundearen elikadura, nekazaritza eta abeltzaintza fundazioa da FAO. Eta horrek dioenaren arabera, espezie bat galzorian dago baldin eta espezie horretan kumeak izateko sasoian dagoen eme kopurua 1.000 aletik beherakoa bada. Eta hor kokatzen da, gaur gaurkoz, euskal artzain txakurraren egoera erakusten duen argazkia: ugaltzeko gai diren 1.000 txakur eme baino gutxiago daude kontabilizatuta.

Euskal artzain txakurrak aldaera desberdin bi ditu: Gorbeiakoa eta Iletsua. Eusko Jaurlaritzaren erregistroen arabera, baina, arraza bakarra da, eta erregistroetan ez da aldaera bakoitza bereizten. "Albaitariak, normalean, txakurren erregistroa egiten duenean, txipa ipintzen duenean, ez ditu aldaerak islatzen. Txakurra aldaera batekoa ala bestekoa izan, euskal artzain txakur lez erregistratzen dira", dio Atxotegik. Horrek, beraz, aldaera biak zaku berean sartzea dakar eta are eta gehiago korapilatzen du espeziearen ale bakoitzeko kopuruak zehaztea. Beraz, erregistroetan ageri diren zenbakiek Gorbeiakoaren eta Iletsuaren arteko batuketa agertzen dute. "Aldaera batekoak zein bestekoak izan, biak daude galzorian", dio Atxotegik. "Euskal artzain txakurrak urteak daramatza galzorian", gaineratu du.

Erregistro zehatzik ez
Euskal artzain txakurrak zenbat diren zehazteko orduan, gauzak ez daude argi. Ezinezkoa da kopuru finko bat ezartzea. Eta hiru arrazoi nagusi daude erregistroak orientatiboak eta zehaztasun bakoak direla ondorioztatzeko. Bat: badira aldean txipa ez duten txakurrak, albaitariarenera eramaten ez direnak eta kontrolatu barik daudenak. "Hor kokatu litezke baserrietan egon daitezkeen kumealdietako batzuk. Ez dira beti erregistratzen", argitu du. Ondorioz, hor zehar dabilen hainbat ale ikusezinak dira erregistroen begietan. Bi: bajak ez dira jakinarazten. Normalean, oraindino kumea dela eramaten du jabeak txakurra albaitariarenera. "Baina txakurra hiltzean, ez da jakinarazten. Eta bajak ez kontabilizatzeak gorabeherez josten ditu erregistroak", dio Atxotegik. Eta, hiru: txakur espezieen arteko gurutzaketak. Atxotegik dioenez, "askotan gertatzen dira gurutzaketak beste arraza batzuetako espezieekin edo baita euskal artzain txakurraren aldaera bien artean ere. Horrek are eta gehiago zailtzen du aldaera mota bakoitzaren berezkotasuna".

Border Collie txakurrak
EATA elkarteak adierazten duenez, gaur egun border collie arraza da euskal artzain txakurraren eragile handienetariko bat. Irailean Axpen jokatutako Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketak utzitakoa da horren erakusle. Aldudeko (Nafarroa Beherea) Martzel Hualdek irabazi zuen lehenengo saria, Etxe border collieagaz. Hirugarren saria Gaua txakurrak eraman zuen, Donamartiri herriko (Nafarroa Beherea) Gilles Etxegoien artzainaren border collieak. "Diotenez, aginduak betetzerakoan, border collieak kasu gehiago egiten dio entzumenari. Gureak artzainaren presentziari egiten dio kasu gehiago", dio Atxotegik. "Guk, dena dela, artzaintzarako bakarrik ez, etxean izateko txakur modura ere aldarrikatzen dugu euskal artzain txakurra. Leiala, lagunkoia eta maitagarria da", gaineratu du.

Elkarte bi
Beste batzuk ere badauden arren, bi dira euskal artzain txakurra babesten duten elkarte nagusiak: EATE eta EATA. Izen antzekoak dituztenez, argitzea komeni da: EATE Euskal Artzain Txakurrak Elkartea da. 1994an sortu zen, eta elkarte bien artean beteranoena da. Bigarrena, EATA, 2016an sortu zen eta Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkartea du izen osoa. Azken honetako kidea da Atxotegi, eta Durangaldeko beste hainbat kide ere badaude. "Hasiberriak gara, baina ari gara antolatzen. Asmoa da Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko elkarteekin ere hartu-emana izatea", esan du. Euskal artzain txakurra zaintz

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!