II. Protokoloko kideek azpimarratu dute txostenean %87 genero-indarkeria kasuak izan direla. Gainerakoei erreparatuz, kasuen %7 indarkeria sexistak izan dira, eta beste %6a sexu erasoak. Bestalde, hamar biktimatik zazpi 40 urtera arteko emakumeak izan ziren, eta beste hirurak 40tik 65era artekoak.
Protokoloaren barruan sartuta dauden eragile eta taldeek esan dutenez, "kezkagarria da indarkeria matxistak biztanleria gaztearen artean duen presentzia". Erasotzaileen profila aztertuz, hamarretik lau 30 urtetik beherakoak izan ziren, eta beste bost 31tik 50 urte ra bitartekoak. Horrez gainera, erasotzaileen erdiak bizkaitarrak izan ziren, eta %15 erasoa egin zuten udalerrikoak.
Seme-alabekiko eragina
Biktima batzuk gurasoak dira, eta jasandako erasoek euren seme-alabei ere eragin die. Bizkaiko genero indarkeria egoeren arretari buruzko Zifren Txostena argitaratu zuten, eta Durangoko datu batzuk azaldu zituzten bertan. Artean, biktimei eskaini zizkieten harrera etxeak zenbat erabili diren aztertu zuten. Herrietako bat, II. Prokoloan agerzen ez den Zornotza da. Bertan lau plaza zeuden eskuragarri, eta Durangon beste bost. Zornotzan ama bat eta bost seme-alaba, eta Durangon bi ama eta hiru seme-alaba egon ziren harrera etxe horietan. Aurten gertatutako erasoen biktimen datuak ez dituzte urtarrilera arte ezagutaraziko.
Datuak datu, zenbaki hauek ez dute indarkeria matxistaren arloan errealitate osoa islatzen. Hainbat arrazoirengatik, kasu asko ez dira protokoloak koordinatzen dituen zerbitzuetara heltzen. Pertsona horien kasuak zenbaki eta estatistiketatik kanpora gelditzen dira. Hala ere, ez du esan gura egon ez denik. Txostenak argi uzten du jazo diren kasu batzuen ingurukoa dela azterketa. Ildo horretatik, protokoloaren testuinguruan, indarkeria matxista prebenitzeko eta arreta eskaintzeko baliabideak eta ekintzak gauzatzen dira. Protokoloak ehun sozialera eta elkarteen ehunera zabaltzen du koordinazioa. Era berean, errealitate honen aurrean instituzioek ematen duten erantzuna hobetzea dutela helburu azpimarratu dute. Indarkeria jasaten duten emakumeen beharrizanak lantzen dituzte pertsona hauen eskubideak bermatzeko.