Patronalaren "blokeoa" eta azpi-kontratazioa babesten duten erakundeen jokabide "mafiosoa" salatu dute kiroldegietako langile eta sindikatuek

Anboto 2019ko urr. 28a, 10:35

Bizkaiko deialdiagaz bat eginda, hamabost eguneko greba hasi dute Durangaldeko kiroldegietan. Une honetan, Abadiñoko eta Elorrioko kiroldegiak itxita daude. Berrizko kiroldegia aldiz, zabalik dago. Kiroldegi honetan hainbat langilek grebagaz bat egin duten arren, kiroldegia zabalik dago.

Bizkaia osoko igerilekuetan egin da greba deialdia. Lan hitzarmen "duin" baten alde egongo dira eskualdeko kiroldegiko langileak azaroaren 10era arte. ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek deitu dute lanuztea. Patronalaren aldetik "blokeoa" jasan dutela adierazi dute. Euren esanetan, hainbat enpresa ez dira ezta negoziazio bileretara agertu. "Egoera larria da. Enpresak sektoreak dituen ahuldurak baliatzen ari dira mobilizazioak zigortzeko", azaldu dute ohar batean. Bestalde, jokabide "mafiosoa" egotzi diete azpi-kontratatutako langileen lan-baldintzak bermatzen dituzten erakundeei

Uztailean ere greba eta mobilizazioak egin zituzten langileek, Bizkaiko kiroldegi eta kirol-zelaien lan hitzarmena eguneratzea eskatuz. Egun, 2015-2017 bitarteko hitzarmena dago indarrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!