“Durangoko eta Zornotzako emakumeen kartzelak bereziki gogorrak izan ziren, zuzendaritzak ahaztuta eta utzita izan zituelako”

Jone Guenetxea 2019ko urr. 25a, 09:21

Gaur egun El Carmelo ikastetxea dagoen eraikina emakumeen kartzela izan zen 1939 eta 1947. urteen artean. Datu gutxi ezagutzen dira presondegiaren inguruan. Ascensión Badiola historialariak liburu batean jaso ditu dokumentazio eta lekukotza guztiak.

Zein testuingurutan sortu zen Zornotzako kartzela?
Estatu osoan, emakumeentzako kartzelen zirkuitu bat sortu zuten. Katalunian hasi ziren: Tarragonan, Gironan, Bartzelonan... Mallorcakoa ere oso gogorra izan zen. Andaluzian ere kartzela asko sortu zituzten. Garrantzitsuena Malagakoa izan zen. Madrilen Ventasekoa zegoen, Las Trece Rosas emakume taldea egon zenekoa. Guadalajaran, Oviedon...

Eta Euskal Herrian?
Saturraranekoak, Durangokoak eta Zornotzakoak kategoria bera izan zuten. 1939-1940. urteen artean sortutako kartzelak izan ziren, emakumeen kartzela zentral lez. Emakume errepublikarrak zeuden han, eta kartzela batetik bestera eramaten zituzten.

Kartzelen inguruan egiten zuten propaganda oso bestelakoa zen.
Redención deituriko aldizkari bat kaleratzen zuten propaganda legez.  Propaganda horretan, presoek jasotako hezkuntza eta horrelakoak aipatzen zituzten. Zornotzako kartzelako argazki bat kaleratu zuten, emakume batzuk josteko tailer batean ageri direna. Argazki horretarako, bereziki prestatu zituzten. Horixe da kartzela horretaz ezagutzen den argazki bakarra. Tailer horretan errejimenerako jantziak egiten zituzten. Irudi hori eman gura zuten, kartzelaren helburuetariko bat berreziketa zelako, mentalitatea aldatzea. Gorriak izateari uztea gura zuten, eta frankismoko emakume idealak sortzea: emakume katolikoa, bere etxea zaintzen zuena, ama ona, emazte ona. Beraz, miliziana lez aritzetik oso urrun zegoen eredu bat zen. Emakume hauek gogor zigortu zituzten. Askok kartzelan amaitu zuten eta asko fusilatu egin zituzten.

Zaila izan da liburuan jasotzen duzun informazio guztia eskuratzea?
Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta, gerraosteko errepresioari buruzko tesia egin nuen 2015ean. Horrela jakin nuen kartzela hauek existitu zirela. Saturraranera joan nintzen eta 1.200 presoren espedienteak ikusi nituen. Dokumentu horietan, Zornotzako kartzelako espedienteen karatulak ikusi nituen. Durangokoak ere bai. Horrela konturatu nintzen emakumeen kartzela gehiago egon zirela, Saturraranekoaz gainera. Saturraranekoari buruz informazio gehiago dago, espedienteak Oñatiko Artxibo Hitsorikoan daudelako. Orueko Txaletean zegoen Bilboko kartzela probintzialera etorri nintzen, eta, Zornotzakoari buruz galdetzean, ez zuten informaziorik. 

Non aurkitu duzu dokumentazioa?
Saturraranen egoniko emakumeen espedienteak ikusita, gertatutakoa berreraikitzen ahalegindu naiz. Alde batetik bestera eramaten zituzten kartzela-zirkuitu horretan. Mallorcatik Saturraranera, handik Zornotzara... Emakume asko bost edo sei kartzelatan egon ziren urte berean. Izugarria izan zen. Lekualdatzeak trenez egiten zituzten, ganadua eramateko bagoietan.

Zirkuitu horretako beste kartzela batzuetan ere egon daiteke informazioa?
Bai. Estatuko beste kartzela batzuei buruz historialariak egiten ari diren ikerketak ere informazio iturri izan ditut. Mallorcan eta Valentzian egin dituzte ikerketak, esate baterako.

Aurkitu duzu lekukotzarik?
Tomasa Cuevasen lekukotza izan da garrantzitsuena. Hiru liburu idatzi zituen, Zornotzan eta beste kartzela askotan egondako presoen lekukotzekin. Komunista aktiboa zen. Bere lanari eskerrak, asko dakigu Zornotzako kartzelari buruz. Bestalde, Youtuben ere alderdi komunistako emakumeen testigantzak daude. Lekukoetariko bat Trinidad Gallego emagina da. Tomasa Cuevasegaz batera egon zen preso Zornotzan. Gallegok ama eta amama zituen kartzelan. Hirurek bat egin zuten Zornotzakoan. Emakume honek kontatzen du lurrean lo egiten zutela, ezelango berogailurik barik sasoi hartako neguetan. Emakume bat erditu behar zenean edo umeren bat gaixorik ipintzen zenean mojei deitzen zieten, baina ez zieten jaramonik egiten. Kartzela bakoitzak mediku bat zuen, baina hildakoak egiaztatzera baino ez zen joaten.

Mojek zein paper zuten kartzelan?
Simona Aspiroz zen nagusia, eta gogor eutsi zion diziplinari. Mojek paper garrantzitsua izan zuten emakumeen kartzeletan, boterea eman zietelako. Gizonen kartzeletan kudeaketaz eta intendentziaz arduratzen ziren, baina emakumeenetan diziplina batzordeko kideak ziren. Beraz, zigorrak eta baldintzapeko askatasuna euren eskuan zegoen. Lekukotzek diotenez, berak gura zuena egin ezean, gutunak apurtu egiten zituen Aspirozek. Beste lekuko batek dioenez, emakume baten umea hil egin zen eta ez zioten agurtzen ere utzi, ez zuelako bere esana egiten. Beraz, kartzelako egoerari emakumeenganako biolentzia hau ere gehitu behar zaio.

Egon zen Durangaldeko emakumerik Zornotzan?
Ezingo nuke ziurtatu, baina ditugun datuen arabera, ez. Esango nuke hemengo emakumeak beste kartzela batzuetara eraman zituztela. Adibide lez, espioiak izan ziren emakumeak, Red Alavakoak, Madrilera eraman zituzten. Emakumeak euren ingurutik urruntzea eta etenik barik lekualdatzea zen estrategia. Emakumeak alde guztietatik deserrotzea gura zuten, lagunik ez egiteko eta beti etsaiaren menpe egoteko.

Zein zen Zornotzan preso zeuden emakumeen eguneroko bizitza?
Kartzela guztiek arautegi bera zuten. Goizetan, jaiki eta gero, ur beroa ematen zieten gosaltzeko. Ondoren, mezak eta errezuak egiten zituzten. Kartzelako zirkuituan denbora bat zeramatenei, tailerretan lan egiteko baimena ematen zieten. Zornotzan eta estatuko iparraldeko kartzeletan, josteko tailerrak nagusitu ziren.

Baldintza oso gogorrak zituzten.
Zornotzako presoek gose greba bat egin zuten egoera hori salatzeko. Tomasa Cuevasen bitartez jakin ahal izan dugunez, metrailatu egingo zituela mehatxatu zituen kartzelako zuzendariak. Hala ere, hurrengo egunean, eman zieten ur beroari ortuariren bat bota zioten. Kartzela hau emakumeak usteltzeko prestatutako lekua zen. Zirkuitu osoa horrelakoa zen.

Zeintzuk ezaugarri zituen Zornotzako kartzelak?
Durangoko eta Zornotzako emakumeen kartzelak bereziki gogorrak izan zirela esango nuke, kartzeletako zuzendaritzak ahaztuta eta utzita izan zituelako. Orokorrean hobekuntzaren bat egiten bazuten, kartzela bi hauek ez ziren aipatu ere egiten. Hala ere, Zornotzakoak beste kartzela batzuk baino askoz ere denbora gehiago iraun zuen zabalik. Saturraranekoa 1944an itxi zuten, eta Zornotzakoa, 1947an. Adibide bat ipintzearren, kartzela guztietan gas anhidridodun kamerak zituzten arropak desinfektatzeko. Zorriak, arkakusoak... denerik izaten zuten emakume presoek. Kamera hauek hiru kartzela probintzialetan zeuden. Saturraranen proiektu bat zegoen. Durangon eta Zornotzan, ezta proiekturik ere. Beste adibide bat: Zornotzako kartzelan aska txiki bat zuten norbere burua garbitzeko, eta ia 1.000 emakume zeuden kartzelan. Ondarretan, gerraren hasieran horrela izan zen, baina gero dutxak egin zizkieten. Zornotzan, ia kartzela zarratzean egin zituzten dutxak.

Zortzi urtean, zenbat emakume pasatu ziren Zornotzako kartzelatik?
Ez dago argi. Nik 1.234 izen bildu ditut. Zornotzako kartzelatik 958 emakumeri baldintzapeko askatasuna eman zieten. Zornotzako erroldan 200 emakumetik gora dokumentatu nituen. Zirkuituan hainbeste mugitzen zirenez, zaila da datu hori ematea. Txostenetan agertzen denez, momentu puntualetan 700-1.000 emakume izan ziren bertan. Azken urtean, 1947an, 300 zeuden. Preso batzuei baldintzapeko askatasuna eman zieten, eta beste asko Segovian zabaldu zuten kartzela berri batera eraman zituzten. Sasoi hartan, indultuak eta zigorren errebisioak egin zituzten. Askok hil arteko zigorra zuten eta hiru urtera murriztu zieten kondena.

Harrigarria da gaur egunera arte inork gai hau aztertu ez izana.
Kartzela guztiekin gertatu da hau. Nik neuk 2008an jakin nuen Deustuko unibertsitatea kontzentrazio esparrua izan zela. Gauza gutxi dakizkigu. Gerra zibila trauma handia izan da, eta izaten jarraitzen du. Bere sasoian, ez zuten honetaz berba egin, ez alde batekoek ez bestekoek. Ni ikertzen hasi nintzen gehiago jakin gura nuelako, egia jakin gura nuelako.

Liburuan hainbat datu eta izen publikatu dituzu. Baten bat hartu-emanean ipini da zugaz?
Oraingoz, pertsona batek idatzi dit eta ilusio handia egin dit. Pertsona honen ama eta amama Extremadurakoak ziren eta Zornotzako kartzelan egon ziren. Amak hiru urte zituen kartzela honetan sartu zutenean. Hiru urte zituztenean, umeak banandu egiten zituzten amengandik. Kartzela guztietako politika izan zen. Gerra bat izan zenez, eta kasu askotan familiarik ez zegoenez, umeak adopzioan eman zituzten. Libre gelditzerakoan, amek ezin izan zituzten euren umeak aurkitu. Durangoren kasuan, adibidez, preso batzuek kontatzen dute herriko familiek zaindu zizkietela umeak, amak kartzelatik irten arte. Zornotzaren kasuan aurkitu dudan datu bakarra kartzelan hildako zazpi umerena da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!