Azaroa hasteagaz batera, Euskal Herriko mugimendu feministaren hiriburu bihurtuko da Durango. Herriak Euskal Herriko Jardunaldi feministen bosgarren edizioa hartuko du, eta bazter guztietatik ailegatutako 2.000 emakumek baino gehiagok bat egingo dute bertan. Testuinguru hori aurrean izanda, eskualdeko mugimendu feminista aztertuko duen sail bat hasiko du berripaper honek gaur. Durangoko mugimenduaren erradiografia egingo du lehenengo atal honetan, eta gauza bera egingo du eskualdeko gainerako herriekin hurrengo aleetan.
Durango, lehen geltokia
Durangoko herrian pil-pilean dagoen mugimendua da feminismoa. Oldarkorra eta aldarrikatzailea zenbaitetan, malguagoa beste zenbaitetan, baina, anitza, zentzurik zabalenean.
Kalea, herri mugimenduetatik sortutako kolektiboen oihu bateratuaDurangoko Bilgune Feminista (Euskal Herritik, Durangora) • Sorrera urtea: 2002. Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zen urtean bertan eratu zen Durangoko ordezkaritza. • Helburu nagusia: Boterea hartzea. Mugimendu sozialetan feminismotik eragitea eta horretarako sare bat sortzea. • Ekintzak: Urte osoan zehar. San Fausto jaietan txosnagunean eragitea. Ekainaren 28an 'irakurraldi feminista' egitea, feminismo bolleroa indartzeko. • Bilera maiztasuna: Astelehenero, 19:00etan • Kontaktua: durangokobf@gmail.com helbide elektronikoa Batukandra (Eraldaketarako danbor hotsa) • Sorrera urtea: 2010-2011. Silvia Palumbo Jaime musikari eta ekintzaile lesbiana feministak sortu zuen Andraguneko kideekin batera. • Helburu nagusia: Aldarrikapen feministak musikaren bitartez egitea, modu alai eta dibertigarrian. • Ekintzak: aldarrikapen feminista eta sozialetan jotzea. Bai festa egiteko, eta baita gertakariren baten aurrean elkartasuna adierazteko ere. • Bilera maiztasuna: Barikuro. • Kontaktua: batukandra@gmail.com Andereak (Jabekuntza eta orientazioa) • Sorrera urtea: 2005. • Helburu nagusia: Indarkeria matxista salatzea eta horri aurre egiteko bideak jorratzea. • Eskaintzen dituen tresnak: tratu txar fisiko, psikologiko edo sexualak jasaten ari diren edo jasaten ari direla uste duten emakumeei laguntza, informazioa eta orientazioa eskaintzea. Hitzaldiak antolatzea. • Bilera maiztasuna: Eguenero kontzentrazioa egiten dute Andra Marian. • Kontaktua: andereak@hotmail.com; 688 871 627 (laguntza sozialeko boluntarioen telefonoa) DAFA (Erasoen aurrean, autodefentsa) • Izen osoa: Durangoko Autodefentsa Feminista Asanblada (DAFA) • Sorrera urtea: 2018 • Helburu nagusia: Eraso matxistei aurre egiteko eta erasoak prebenitzeko emakume sarea sortzea. Heteropatriarkatu kapitalistak eragiten dituen ondorioei aurre egitea. • Bilera maiztasuna: Eguazten birik behin, Pinondo Etxean, 19:00etan. • Facebook orria: Durangoko Autodefentsa Feminista Asanblada AL NOUR elkartea (Parte hartzea, integrazioa helburu) • Sorrera urtea: 2008 • Helburu nagusia: Emakume musulmanak euskal gizartean parte hartzera bultzatzea eta integratzen laguntzea. • Eskaintzen dituen tresnak: Hizkuntza da emakume musulmanen traba nagusia herrian integratzerako orduan. Gaztelania ikastaroak eskaintzen dituzte barikuro Pinondo Etxean. Euskal kultura ere lantzen dute. • Partaide kopurua: 30 inguru. • Kontaktua: www.mujeresalnour.org eta bizkaia@mujeresalnour.org ONEKA plataforma (Etorkizuneko sorrera berria) • Egoera: 2018an Hego Euskal Herriko emakume pentsiodunek sortu zuten plataforma. Durangon eta eskualdean, oraingoz, ez du egitura antolaturik. Durangaldeko pentsiodunen taldeko emakume batzuek ANBOTOri adierazi diotenez, etorkizunean litekeena da Oneka eskualdean antolatzea. • Etorri litezkeen lan ildoak: Gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala amaitzea, alarguntasunari eta bakardadeari aurre egitea. |
Andragunea, emakumeen prestakuntzarako tresna instituzionala • Sorrera urtea: 2009 • Izaera: Durangoko Udalak kudeatutako espazioa, Durangoko Plataforma Feministaren eskarietatik sortua. • Helburu nagusia: Emakumeen topalekurako eta prestakuntzarako lekua eskaintzea. Gizon eta emakumeen arteko berdintasun harremanak erraztea. • Eskaintzen dituen tresnak: Informazio puntua, jabekuntza eskola, liburutegia, irakurketa taldeak edo hitzaldiak. • Partaide kopurua: 550-600 gizon-emakume. • Kontaktua: 944657092 eta andragunea@durango.eus |
Antolatu barik dauden emakumeentzako lekua, M-8 asanblada • Helburu nagusia: Martxoaren 8ko ekitaldiak koordinatzeko eta erabakitzeko espazioa sortzea. • Izaera: Izenak dioen moduan, asanblada bitartez funtzionatzen du. Egitura lineala duela da bere ezaugarri nagusia. Bertan batzen diren emakumeek abiapuntu bera dute. • Berezitasuna: Asanbladan, egitura feminista antolatuetan diharduten emakumeek zein inongo egituratan antolatuta ez daudenek bat egiten dute. Asanblada zabala da, eta antolatu barik dauden emakume askok aldarrikapenak egiteko aukera bat ikusten dute bertan. |