Mende hasieratik honako hitzarmenetan desberdintasunak izan dituzten arren, oraingoz ahots bateratua agertu dute sindikatuek

Ekaitz Herrera 2019ko ira. 27a, 09:30

Hitzarmena lortzeko mobilizaziorik garrantzitsuenetarikoak orain etorriko diren arren, gatazkak soka luzea du. Ia hamarkada bi egin behar da atzera kontua nondik datorren ulertzeko, mende hasierara, hain zuzen ere. Orduan sinatu zuten gehiengo sindikalak eta patronalak Bizkaiko metalgintzako azken hitzarmen kolektiboa: 2001etik 2003ra bitartekoa. CCOO, LAB eta UGT sindikatuek sinatu zuten. Hirurek langileriaren erdia baino gehiago errepresentatzen zutenez, hitzarmenak izaera orokorra hartu zuen, eta, harrezkero, patronala behartuta dago akordioan jasotakoa betetzera.

Gertatzen dena da metalgintzako beste hitzarmen bat etorri zela gero, 2008tik 2011ra bitartekoa. CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten orduan, eta, langileriaren erdia baino gutxiago errepresentatzen zutenez, hitzarmenak izaera partziala hartu zuen. Hau da, enpresak ez daude bertan ageri zena betetzera behartuta. Puntu horretan dago, hain zuzen ere, egoera ulertzeko gakoetariko bat: hitzarmen bi egon arren sinatuta, izaera orokorra duena baino ez daude betetzera behartuta enpresak, 2001-2003koa. Ondorioz, desorekak agertu dira. Enpresa batzuek 2001eko hitzarmena darabilte eta beste batzuek 2008koa dute oinarri. Sindikatuek azaldu dute "enpresa berri askok" 2003ko soldata taulak erabiltzera jotzen dutela, ez daudelako berriagoak erabiltzera behartuta. Ondorioz, urteetan zehar kontsumo indizeak eta bizi-kalitatea aldatu diren arren, langile askok iraganeko lan baldintzekin segitzen dute.

Ahots bateratua

Negoziazio mahaia Bizkaiko Metalgintzako Enpresarien Federazioak (FVEM) eta lau sindikatu nagusiek osatzen dute (ELA, LAB, CCOO eta UGT). Dena dela, Durangaldean ordezkaritza duten beste hainbat sindikatuk ere bat egin dute eskariekin. Tartean daude ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuak. Oraingoz, jarrera eta ahots bateratua osatu dute denek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!