Eskualdeko sindikatuak bat datoz negoziaketek huts zergatik egin duten azaltzerakoan: patronalak azken egun hauetan egindako proposamenak ez dira langileek eskatzen dituzten gutxieneko baldintzetara gerturatzen. Durangaldeko UGTko Rafael Mena arduradunak dioenez, "egon dira soldata, azpi-kontratazio, malgutasun eta aldi baterako kontratuei buruzko proposamenak. Orain arte ez da halakorik egon. Egia da hurbilketa bat badagoela, baina ez da nahikoa".
Durangaldea, giltzarri
Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena eguneratzeak pisu berezia hartzen du Durangaldean. Modu zuzenean, 10.000 langileri eta 250 enpresari eragiten die gutxi gorabehera, baina, zeharka, eskualdeko ongizate sozial eta ekonomikoa ipintzen du jokoan. "Funtsezkoa eta hil edo bizikoa da Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena eguneratzea. Kontuan hartu gure eskualdea, atal handi batean, industriala dela. Durangaldea errelebantzia handiko tokia da metalgintzaren arloan", azaldu du Jaime Intxaustik, CCOO sindikatuko Durangaldeko arduradunak. Torresen esanetan, Durangaldea da, eskumaldearen ondoren, Bizkaian pisu industrialik handiena duen eskualdea. "Borroka honetan dagoen jarraipena nabaria da hemen", gaineratu du. Joan den maiatzean eta ekainean egindako bost greba egunak ipini ditu adibide lez. "Enpresarik gehienek produkzioa geldituta izan zuten eta funtzionatzen ibili zirenak produkzioa ezin aterata ibili ziren", esan du. Grebaren jarraipena %85etik %90era bitartekoa izan zela azaldu du. CGTko Rafa Plasenciak Durangaldeko langile klasearen aldarrikapenak Bizkaiko beste eskualde batzuetakoak baino nabarmenagoak izan ohi direla azaldu du.
Grebak, patronala mugitzeko
Bost egun dituzte aurretik mobilizazioetarako. Huidobroren esanetan, greba egitea da langileei gelditzen zaien "borrokarako erreminta". "Historiak erakutsi digu, elkartasunaren eta konfrontazioaren bitartez baino ezin daitezkeela konkistatu dagozkigun eskubideak". Hitzarmen berririk ezean, momentu honetan indarrean dagoena mantenduko da Bizkai osoan. Mehatxuak ere baditu, baina. "Madrilen estatuko metalgintzako hizarmenari bidea eman zaio" eta "balizko zentralizazio batek hemengo lan eta bizi baldintzak jomugan" jar ditzakeela adierazi du Torresek.