“Arte martzialetan oso saiatua eta sufritua izan behar da”

Aitziber Basauri 2019ko eka. 2a, 11:00

Oso testuinguru aberatsa duten diziplina dira arte martzialak, eta horretaz jabetzean, harrapatu egiten zaituzte. Halaxe gertatu zitzaion Jose Luis Salasi (Zornotza, 1957). Arte martzialen sorlekuan, Japonian, lehiatutakoa da bera, lau urtetan, eta zilarrezko eta brontzezko dominak irabazi izan ditu. Orain dela gutxi, seigarrenez joan da Japoniara, eta maisu izan zuen Yunoki ikusteko aukera aprobetxatu du.

Kasualitatez hasi zinen arte martzialak praktikatzen. Nola izan zen?
Oso gaztea nintzela hasi nintzen, 14 urtegaz. Gimnastika artistikoa egin gura nuen, baina ez nuen ezer topatu. Azkenean, asko bilatu ondoren, Bilbon taekwondo egiten hasi nintzen, gerriko urdina lortu arte. Gero, karate eta sotokan egiteko aukera zabaldu zen Durangaldean. Durangoko kiroldegian hasi nintzen karatea egiten, 80ko hamarkadan, eta handik eskola sortu genuen Zornotzan. Orduan,  lehen txapelketekin hasi ginen, mailak lantzen eta abar. 

Ordudanik gelditu barik aritu zara.
Bai. Estatuko, Europako, eta munduko txapelketetan aritu naiz. Estilo berrien bila hasi nintzen: Kenpo Karatean eta Ninjitsuan esperimentatu dut asko. Ninjitsuak asko erakarri ninduen, maitemindu egin ninduen. Madrilen denbora egin nuen ikasten eta trebatzen, gero Durangaldean horretan lan egiten hasteko. 

Zer du berezia Ninjutsuak?
Karatea lez, hezigarria da Ninjutsua. Japonian jaio ziren biak, eta errespetua, diziplina, buruko kontrola eta emozio-aldaketak lantzen dituzte, besteak beste. Baina, karatean ez bezala, Ninjutsuan bestelako aparatuak (makilak, soka, sablea...) erabiltzen dira, gimnastika erritmikoan moduan. Oso aberatsa da umeentzat. Asko lantzen da psikomotrizitatea, erreflexuak, buruko kontrola... 

Kiroletan futbola nagusi den honetan nolako harrera dute arte martzialek?
Eguneroko borroka dut. Izan ditut neska-mutilak 7 edo 8 urtean lanean ibili direnak, oso trebatuak, gerriko urdina, marroia eta beltza ere lortu dituztenak. Gai direnak bakarrik jarduteko eta irakasteko. Baina, futbola izan dutenean, joan egin dira. Arte martzialetan oso saiatua eta sufritua izan behar da, goi mailara heltzeak lan handia eskatzen du, eta, behin lortuta, askok utzi egiten dute futbolagatik. Umeak trebatzen dituzten kirol oso diziplinatua dira arte martzialak

Japonian egon zarete, entrenatzen eta kulturak partekatzen. 
Hainbat maisugaz egon gara, eta teknikak eta entrenatzeko erak partekatu ditugu. Euren eskutik hango kultura ezagutzeko aukera ere izan dugu.

Yunoki maisuagaz ere egon zara, 15 urtean ikusi barik egon eta gero.
Bai. Asko miresten dut. Hango ninjarik aspaldikoenetarikoa da, eta lan handia egin du. Aktorea ere bada, oso ezaguna han. Bost urtean izan zen nire maisua.

Denbora asko eman duzu Japonian?
Bai. Arroz asko moztu dut han, eta kiwi asko batu ditut. Izan ere, irakatsi aurretik proban jartzen zaituzte han. Irakatsi ahal izateko, hustu egin behar dela diote, eta hustu egiten zaituzte, gero irakasteko. Oso zuzenak dira, oso diziplinatuak. Han egonda bakarrik, asko ikasten da. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!